Zaharrak berria jan du

Erkorekak baieztatu du transferentzien inguruko elkarrizketak egiten ari direla. Jeltzaleek ez diote erreferentziarik egin estatus politiko berriari

Urkullu eta Andueza, herenegun, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Iazko ikasturte hasieran, «1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzea» ekarriko lukeen autogobernu baten alde egin zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, eta hori lortzeko ituna autogobernu batzordean tratatzeko asmoa ere adierazi zuen. Herenegun, baina, estatus politiko berriari buruzko adierazpenik ez zen izan haren hitzaldian. Eztabaida hari Gernikako Estatutua betetzeko geratzen diren transferentzien gorabeherek jan diote lekua, neurri batean, 2023ko Espainiako hauteskundeen ostean iritsi daitezkeen aldaketen beldur.

Politika orokorreko eztabaidan, Urkulluk estatutua osorik beteko dela bermatzeko «konfiantza keinu bat» eskatu zion Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi, Moncloak finkatutako egutegia betetzeko lan egin dezan. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza arduratu zen erantzuteaz, kasik, Moncloaren izenean: «Azken egunetan komunikazioak izan dira Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, eta Espainiako Gobernuak jakinarazi du negoziazio fase berri bat hasteko garaiegokia dela».

Jaurlaritzako lehendakariorde Josu Erkorekak ere onartu zuen elkarrizketak egin direla. «[Horiekin] Geldotuta dagoen prozesua bizkortu nahi da», esan zuen atzo Onda Vasca irrati katean. Izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik denbora darama Madrili biraketa bat eskatzen, eta mahai gainean jarritako proposamenei heltzeko exijitzen; are gehiago Sanchezek adierazi ostean zenbait ministro lau transferentzia egitearen kontra zeudela.

Ikasturte hasierarekin, migrazio eta itsasertzaren antolamendu eskumenen inguruko negoziazioak izan daitezke lehen bi erronkak, uztailean Madrilek jakinarazi baitzuen horien inguruan hitz egiteko prest zegoela. Halere, erritmoa gehiago bizitu nahi dute jeltzaleek, 2023arekin batera amaituko baita legealdia Espainian. «Konpromisoa gobernu zehatz batekin da, eta badakigu berri bat iristean aldendu egiten dela», esan zuen Erkorekak. Eta oraindik 31 eskumen daude eskualdatzeko.

Eredu berria

Gernikako Estatutuaren betetze mailaren inguruko eztabaidak jan egin du estatus politiko berriari eta autogobernu bati buruzko erreferentzia oro Jaurlaritzako kideen adierazpenetan. Azkenak uda aurretik izan ziren. Korsikatik, Urkulluk «estatuaren eredu berri bat» planteatzeko eskatu zion Sanchezi, baina bizkor erantzun zion Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak: «Estatus berriaren afera programatik kanpo utzi zuen gobernu bateko lehendakariordea naiz». Eta berdin gogoratu izan dio Andueza berak ere azken hilabeteetan, esanez sozialistek Gernikako Estatutuan jasotakoak betetzea dutela helburu.

Jaurlaritzako gobernu akordioan ez, baina gaia jasota dago EAJk eta PSOEk Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko egindako itunean. Haren laugarren puntuak Kataluniako auziari eta EAEko Estatutu berriaren negoziazioari «irtenbide egokia» aurkitzea jasotzen du. Katalunian apenas egin den urratsik, elkarrizketa batzuetatik harago, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hori ere ez. EAJren Eusko Legebiltzarreko eledun Joseba Egibarren esanetan, Moncloak ez duelako garatu «lurralde eredua zuzenduko duen batzorderik».

Gauzak hala, Egibarrek argudiatu zuen Eusko Legebiltzarrak bide horretan emandako pauso orok horma bat topatuko lukeela Madrilen, Ibarretxe Planari gertatu zitzaion moduan. «[Sanchez] EAJtik ematen diogun konfiantzaz abusatuz baliatzen da, beste eszenatokia aurkeztuz; beraien ala PP eta VOXen kaosaren artean aukeratzea. Horregatik, ondo baino hobeto dakigu non geratuko den erabakitzeko eskubidea», gaineratu zuen.

Hitz horiek EH Bilduri zuzenduak ziren. Izan ere, koalizio subiranistaren eledun Maddalen Iriartek azken legealdian EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk autogobernuaren inguruan adostutako oinarriak «arbuiatzea» egotzi zion lehendakariari. «Herri akordio bat zen», gogoratu zuen Iriartek, atzo, Euskadi Irratian. Adostasun hark, besteak beste, erabakitzeko eskubidea aitortzeari bide ematen zion, eta lehendakariak asteazkenean aurkeztutakoa, berriz, kontrako bidetik doa, Iriarteren ustez: «Lehendakariak 2015ean esan zuen kontsulta bat egingo zuela. Gero, beste proposamen batzuk ekarri ditu, hala nola foru nazioa edo foru subiranotasuna, eta atzo autogobernua ekarri zigun. Beraz, zirkulua itxi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.