Albistea entzun

Gaztelanian maila «gorena» eskatzen da, lana euskaraz bada ere

ELAk salatu du Jaurlaritzaren lan deialdietan Espainiako herritar ez direnek gaztelanian maila jasoagoa behar dutela euskaran baino: C2a
Hezkuntzan jarduteko oposizioetako azterketa bat.
Hezkuntzan jarduteko oposizioetako azterketa bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko martxoak 10

«Hemen inposatzen dena gaztelania da». Pello Igeregi ELA sindikatuko ordezkariak mezu hori nabarmendu nahi izan zuen atzo, Jaurlaritzak antolatzen dituen lan deialdiak hizpide hartuta egin zuten agerraldi batean. Salatu zuten gobernuak gaztelania maila «gorena» eskatzen duela euskara hutsean jarduteko ere; Espainiako nazionalitatea dutenek ez dute gaztelaniazko mailarik egiaztatu behar izaten, baina gainerakoek bai, eta Iparraldeko herritarrek, adibidez, oposizioak gainditu nahi badituzte, ezinbestean egiaztatu behar dute gaztelanian C2 maila dutela, baita lanean euskaraz jardun behar badute ere. Horiek horrela, egoera hori salatze aldera, hezkuntza sisteman lanpostuak egonkortzeko irekita dauden oposizioetako bat inpugnatzea erabaki du sindikatuak. «Proba» egin nahi dute inpugnazio horrekin; gero, akaso, lehenbiziko horrek zer bide egiten duen ikusita, gehiago egingo dituzte.

Gaztelanian C2 maila egiaztatu behar izanda, oposizioan baldintza hori bete behar dutenek «euskarazkoa baino maila handiagoa» erakutsi behar dutela esan dute sindikatuko ordezkariek, eta horrek ondo erakusten duela egoeraren bidegabekeria. «Izan ere, euskara derrigorrezkoa den lanpostuetan C1 maila eskatzen da hezkuntzan, gaztelerazkoa baino maila bat apalagoa; Osakidetzan, are apalagoa: B2a». Nabarmendu dutenez, horrek erakusten du benetan zer hizkuntza «inposatzen» den. «Eta, esaterako, Hendaiako irakasle batek, Euskal Filologian lizentziaduna izanagatik ere, gaztelaniaren maila gorena beharko du irakasle gisa jarduteko».

Hizpide izan dute Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen harira lehengo astean ezagutu zen epaia ere. Gaztelaniaren «inposizio orokortuaren» beste adibide bat dela uste dute. «Epaileak esan du fundazioko lanpostuen %5 soilik direla langile ez-euskaldunentzat. Bestelakoa da errealitatea, ordea: administrazio guztietako lanpostuak daude bermatuta gaztelaniaz dakitenentzat, gaztelania beti delako derrigorrezko, eta zerbitzua gaztelaniaz jaso nahi duten herritarrek bermatua dute hori», adierazi zuten atzoko agerraldirako prestatu zuten oharrean.

Uliazpi fundazioaren inguruko ebazpenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du legez kanpokoa dela euskararen ezagutza aintzat hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», ebatzi du sententziak. Uliazpik 2021eko uztailean onartu zuen 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskaraz jakitea —B2 titulua izatea— baldintza zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako.

Diskriminazio «naturala»

Uliazpi fundazioarenaren aurretik egon dira tankerako gehiago, eta denek muinean logika juridiko bera dutela nabarmendu dute ELAko ordezkariek: «Euskara ez dela ofiziala EAEn, ez behintzat gaztelania adina». Argudio horixe ikusten dute, behin eta berriz, epaileen arrazoibideetan. «Gaztelania lanpostu guztietan inposa daiteke, eta diskriminazio hori naturaltzat hartzen da. Hain da naturala Hezkuntza Sailak ere ez baitu inongo arazorik izan oposizioetan irizpide hori bere egiteko». ELAk eskatu du ebazpen horien atzean dagoen «oldarraldi euskarafoboari» aurre egiteko, eta hizkuntza eskubideen «defentsa politikoa» eraikitzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. ©ARGAZKILARIA

Ertzaintzak urtarriletik zekien bikotekideak urruntze agindua urratzen zuela

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Erkorekak esan du Ertzaintza maiatzaren 18tik ari zela biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen». Mugimendu feministak «neurri integralak» galdegin ditu
EHUren fakultate bat, artxiboko irudian ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Eusko Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro emango dizkie EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Agerraldian ez dute argitu unibertsitate bakoitzak zenbat jasoko duen.

Apirilaren amaieran Ankerkeriari Stop plataformak egindako mobilizazioa, Gasteizen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Anakronismoa eta krudelkeria» salatzeko, kalera irtetera deitu dute

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ankerkeriari Stop plataformak «agerraldi masibo bat» egingo du igandean Amurrion, Barbadori eta Zelaiari elkartasuna erakusteko
Suhiltzaile batzuk, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oposizioak euskaraz egiteko aukerarik ez die eskaini Arkautik suhiltzaileei

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Arartekoak ebatzi du oposizioetako partaideen hizkuntza eskubideak «urratu» zituztela, eta ELA sindikatuak auzi eske bat jarri du epaitegietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.