Koronabirusa

ZIUetako presioa arindu ezinik ari dira Hegoaldean: 231 gaixo dituzte

Guztira 887 pertsona daude ospitaleratuta birusarekin. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 611 COVID-19 positibo atzeman dituzte

Galdakaoko ospitaleko korridore bat, artxiboko irudi batean. A. L. / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Kutsatzeen kurban beherakada nabaritzen hasi den arren, birusak hartuak segitzen dute Hego Euskal Herriko ospitaleek; larritasuna agerikoa da oraindik ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, guztira 887 lagun daude gaitzak jota erietxeraturik. Osasun agintariek zehaztu dutenez, horietako 231 ZIU zainketa intentsiboetako unitateeetan dira, larri. Hain zuzen ere, unitate horiei dagokienez azken urtean izandako daturik beltzena erregistratu zen joan den apirilaren 29an: 232 gaixo ziren. Ordutik, kopurua ez da kasik apaldu.

Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, herenegun 51 lagun ospitaleratu zituzten gaitzagatik. Azken hamalau egunetako datuei so eginez gero, batezbestekoa aski handiagoa da: azken bi asteetan egunero 101 lagun erietxeratu dituzte batez beste.

Zentroetako egoerari buruz, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aitortu du «tentsioa» nabaritzen dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Dena dela, azaldu duenez, espero du ez dela beharrezkoa izanen kontingentzia planaren 3. fasetik 4.era salto egitea. Hala ere, adierazi du presioaren arintzea sumatzen hasteko premiazkoa izanen dela beste bi aste igarotzea.

Birusaren transmisioari dagokionez, herenegun 9.854 test egin zituzten COVID-19a atzemateko Hego Euskal Herrian, eta horien guztien %6,2k eman zuten positibo: hau da, 611 kasu positibo detektatu zituzten. Hala, egun bakarrean Hegoaldean atzemandako positibo kopurua laugarren egunez jarraian izan zen mila kasutik behitikoa.

Igandean atzemandako COVID-19 kasuetako 268 Bizkaian atzeman ziren; Gipuzkoakoak 191 izan ziren; Nafarroan 105 zenbatu ziren, eta Araban, berriz, 38.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak birusarekin loturiko beste bost heriotzaren berri eman zuen atzo: horietako hiru herenegun zendu ziren, eta gainerako biak, berriz, aurreko egunetan hildakoak dira. Gobernuak zehaztu duenez, hildako bost pertsonak 76 eta 81 urte arteko gizonezkoak dira.

Txertaketan aurrera, apurka

COVID-19ari kontra egiteko bidean beste urrats bat egiteko aukera azaldu du Jaurlaritzak; haren berri eman du Sagarduik. «70 eta 79 urte arteko herritar batzuek oraindik ez dute txertoa jaso, asko baitira multzo horretan, baina espero dugu aste honetan bukatzea talde horretakoekin, baita 60 eta 69 artekoekin ere», azaldu du Osasun sailburuak. Halere, argitu du horretarako ahalmena datozen egunetan jasoko duten dosi kopuruaren araberakoa izanen dela.

Halaber, Nafarroako txertaketa kanpainari buruzko zehaztapenak eman ditu foru gobernuak. Iragarri dutenez, aste honetan 40.000 dosi jartzeko asmoa du Osasunbideak. Iragan asteari zegokion aurreikuspenarekin konparatuta, kopurua handiagoa da. Hartan, 37.000 dosi jartzeko asmoa adierazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.