Garmendiak dio PSE-EEk «lidergo berri bat» duela Donostiako alkatetzarako

Donostiako emakumezko alkategai bakarra izango da Garmendia. Ez du argitu Elorza udalerako hautagaien zerrendan egongo ote den

Marisol Garmendia eta Ernesto Gasco, igandean, garaipena ospatzen. GORKA ESTRADA / EFE.
Jon O. Urain - Iosu Alberdi
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
PSE-EEk herenegun argitu zuen Donostiarako alkategaia nor izango den: Marisol Garmendiak militanteen botoen %66 eskuratu zituen, Odon Elorza alkate ohi eta diputatuari nagusituta; 222 boto lehenak, eta 115 bigarrenak. Garmendiak «pozez, esker onez eta arduratsu» hartu ditu emaitzak: «Bide berri bat, lidergo berri bat zabaltzen da Donostiako sozialistok alkatetza berreskuratzeko».

Bi hautagaiak prentsaurreko bateratua egitekoak ziren atzo, baina bertan behera utzi zuten,Garmendiaren «ondoeza» zela medio. Halere, sozialisten alkategaiak Euskadi Irratian hitz egin zuen, lehen balorazio bat egiteko. Garmendiaren ustez, emaitzak erakutsi du militanteek balioa eman diotela sozialistak udalean egiten ari diren lanari: «Guretzat, pertsonak dira oinarrizkoa, eta herria eta herritarrak eraikitzen jarraitu behar dugu».

Aldaketarik ezean, egun ordezkaritza duten alderdiek aurkeztutako emakumezko alkategai bakarra izango da Garmendia. Sozialistaren ustez, PSEk berdintasunarekin erakutsitako konpromisoaren isla da hori. Horrez gain, «kaletik gertu» egongo den lidergo bat sustatzeko asmoa adierazi du: «Nire helburua da Donostiako lehenengo emakumezko alkatea izatea».

Hauteskunde primarioek alderdian zauririk eragin ote duten galdetuta, berriz, Garmendiak ezetz esan du: «Alderdia bizi-bizirik dagoela adierazi dugu, demokratikoki jokatu dugu, eta indartsu eta gogotsu atera gara». Ez du adierazi, ordea, Elorza maiatzeko hauteskunde zerrendaren parte izango ote den, nahiz eta azaldu duen nahi duen orok parte har dezakeela proiektuan.

Elorzak ere ez du hizpidera ekarri aukera hori. Are gehiago, alkate ohiak kritikatu egin du Donostiako PSEko zuzendaritzako zenbait kidek prozesuan erakutsitako «neutraltasun falta». Besteak beste, Garmendiak Ernesto Gasco azken bozetako alkategai eta Espainiako Haur Pobreziaren aurkako goi mandatariaren babesa jaso zuen, baita beste 57 alderdikiderena ere; hala nola egun udalean dauden hiru zinegotzirena. Elorzak berak, berriz, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariaren babesa jaso zuen.

Porrot eginda ere, hautagaitza aurkeztu izana defendatu du Elorzak: «Politikan, bataila batzuk, suizidak diruditen arren, egin egin behar dira, norbere duintasunagatik eta sinesmenekiko koherentziagatik», idatzi du sare sozialetan. Eta gehitu du Eneko Goia alkateak gustura egingo zuela lo igandean, ikusita Garmendia atera zela garaile primarioetan.

Jose Ignacio Asensio PSE-EEko Gipuzkoako presidente eta alderdiko ahaldungai nagusiak eredugarritzat jo du prozesua, eta nabarmendu du bi hautagaiak «bikainak» zirela: «Orain, programa eta hautagaitza on bat egin behar ditugu». Elorzak eta haren ingurukoek maiatzeko bozetan izan dezaketen lekuaz, berriz, Asensiok azaldu du ez dagoela bere esku. «Diputatu sozialista da Madrilen; gobernu aurrerakoiaren gehiengo egonkor bat bermatu behar du. Lan zoragarria egiten ari da, eta lan hori egiten jarraitu dezala nahi dut», adierazi du Radio Euskadin.

Izagirre hautagai

EH Bilduko Gipuzkoako eta Donostiako mahai politikoek Maddalen Iriarte eta Juan Karlos Izagirre proposatu zituzten, hurrenez hurren, ahaldungai nagusi eta alkategai izateko; horiek izan dira aurkeztutako proposamen bakarrak, eta, datorren ostegunetik larunbatera bitartean, koalizioko militanteek aukera izango dute proposamen horiei buruzko botoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.