Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gizartearen bilakaera demografikoak eta COVID-19aren pandemiak agerian utzi dute zaintza eredu berri baten beharra. Erakundeetan ere bada kezka hori, eta bestelako eredu bat diseinatzen hasiak dira. «Garai berriak arreta soziosanitarioaren politikak eraldatzeko eta hobetzeko eskatzen digu, eraginkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezen, eta pertsona bakoitzaren bizi proiektuarekin errespetuzkoagoak». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek datozen hiru urteetarako diseinatu duten estrategia soziosanitarioaren funtsa laburbildu zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak Barakaldoko BECen (Bizkaia), aurkezpen ekitaldian. Azaldu zuen arreta soziosanitarioaren eta zaintza ereduaren «paradigma berri bat» garatuko dutela datozen urteetan, eta «adinekoak etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dutela.

Estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean izan ziren Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Gizarte Politiketako sailburuak, hiru diputazioetako ordezkariak eta Eudelekoak. Administrazioetako ehun bat ordezkari eta hirugarren sektoreko kideak ere egon ziren agerraldian, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmentzeko.

Gizartearen hiru esparrutan jarriko du arreta estrategia berriak: adinekoak, osasun mentaleko arazoak dituztenak eta baztertuta bizi direnak. «250.000 herritar inguru» daude egoera horretan hiru probintzietan, Urkulluk zehaztu zuenez. Errealitate hori aintzat hartuta, «ahulenei ahalik eta bizimodu autonomoena eta integratuena eskaintzea» ezarri dute lehentasunen artean.

Ondorioztatu dute COVID-19aren pandemiari lotutako beharrak eta baliabideak baldintzatuta egongo dela etorkizuna, eta, bide horretan, zaintzen eremuan «erantzukizun publikoa» hedatzeko konpromisoa hartu dute instituzioek.Jose Antonio de la Rica Eusko Jaurlaritzako arreta soziosanitarioko koordinatzaileak azaldu zuenez, pandemiak agerian jarri du zaintzen eredua «sakonki berrikusi» eta «jasangarri» egin behar dela.

Zaintza ereduaren eraldaketaz zertzelada batzuk aipatu zituen Urkulluk: «Prebentzioa eta autonomia pertsonala sustatzea xede duten zaintza ekosistemak sustatuko ditugu». Esplikatu zuenez, ekosistema horiekin erantzuna eman nahi diete adinekoek «beren etxean edo etxe baten antzekoak» diren zentroetan bizitzeko duten nahiari. Adibide batekin azaldu zuen helburua Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburuordeak: «Adinekoek esaten digute etxean zahartu nahi dutela, baina, gaur egun, etxe asko ez daude prestatuta horretarako, eta bide horretatik jo behar dugu: etxeak moldatu behar ditugu egoera honetara».

Hiru faktore

Estrategia soziosanitario berriak bost eremutan aurreikusi ditu jarduerak: gobernantzan, datuak partekatzeko informazio sistema bakarrean, prebentzioan, arretan etaikerketan,garapenean eta berrikuntzan.Dosier soziosanitarioa lantzerakoan, hiru faktorek izan dute garrantzia, Amilibiak azaldu zuenez: biztanleriaren zahartzea, bizi itxaropena luzatzea, eta familia ereduen aldaketa. Hala, behar horietara egokituko da datozen urteetarako ondutako planifikazio berria. «Behar gehiago dutenei uneko eta epe luzerako laguntza ematea da helburua» .

Dokumentuak zehazten duenez, aurrerantzean «erantzukizun publikoa eta zaintza instituzionala» indartuko dira, lehen mailako arretaren eta bigarren mailakoaren arteko oreka sustatuko da, eta sektore publikoaren, pribatuaren, gizarte ekimenaren eta familia eta komunitate sektorearen arteko lankidetza bultzatuko da. Adinekoen egoitzei begira ere jarri dira. Izurriak gogor jo ditu zahar etxeak, eta aurreikusi dute adinekoen eta desgaitasunen bat dutenen egoitza zentroetako «kalitatea» bermatzeko mekanismo batzuk aktibatuko dituztela. Besteak beste, abian jarriko dituzte foru aldundiko gizarte eta osasun zerbitzuetako profesionalez osaturiko «ikuskapen talde mistoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.