Koronabirusa munduan

IEAk iragarri du aurten %8 jaitsiko direla karbono dioxidoaren isuriak

Energia eskariak %6 egingo du behera. Berriztagarrien erabilera soilik haziko da: %1

Enpresa bateko tximiniak kea botatzen. GENE WONG / GENE WONG.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisiak etxean itota utzi ditu herritar asko. Inguruneari, berriz, arnasa eman dio, eta, IEA Nazioarteko Energia Agentziak argitaratutako txostenaren arabera, aurten %8 jaitsiko dira karbono dioxidoaren isuriak. Kopuru historikoa da hori, inoiz ez baitu horrelako beherakadarik izan. Iragarritakoa beteko balitz, 2010etik jasotako maila baxuenean geratuko litzateke: 30,6 gigatona CO2. Halaber, 2008ko krisi ekonomikoak eragindako murrizketak halako sei kausatuko lituzke pandemia honek.

Orain arte bildutako datuakanalizatuta egin dute kalkulua. Emaitza horien atzean birusak eragindako geldialdia dago,eta horren ondorioz munduko energia eskariak izango duen gutxitzea. Hain zuzen, %6 jaistea espero dute. Nabarmen behera egingo dute ikatzaren, petrolioaren eta gasaren eskariek, eta energia berriztagarrien teknologiek bakarrik jarraituko dute hazten.

Horiek horrela, agentziaren esanetan, sistema energetikoak azken zazpi hamarkadetan jasan duen kolperik handiena izan dezake.

Ekonomia aurreratuek pairatuko dute beherakadarik handiena eskarietan. Aurreikusten dutenez, baliteke %10 erortzea AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako Batasunean.

«Hau shock historikoa da energia munduarentzat. Parekorik gabeko krisi sanitario eta ekonomikoaren erdian, erregai nagusi ia guztien eskarien beherakada izugarria da. Batez ere, ikatzarena, petrolioarena eta gasarena», aitortu zuen atzo Fatih Birol IEAko zuzendariak. Modu horretan, adierazi zuen «berriztagarriak bakarrik» ari zirela mantentzen.

Urteko lehen hiruhilekoko datuei erreparatuz gero, munduko energia eskaria %3,8 txikiagoa izan da aurreko urtekoarekin alderatuta. Era berean, ikatzaren eskaera da gehien urritu dena:ia %8. Beherakadaren arrazoiak, batez ere, elektrizitate eskariaren murrizketa esanguratsua (-% 2,5) eta gas naturalaren prezio baxuarekin lehiatu beharra izan dira. Horrez gain, azaldu dutenaren arabera, industria ekoizpenaren murrizketak ere eragin handia izan du.

Munduko petrolio eskaria, berriz, ia %5 jaitsi da. Hain zuzen, itxialdia eta mugikortasuna debekatzea izan dira horren eragile nagusiak, garraioa blokeatuta geratu baita. Bestetik, %2 behera egin du gas naturalarenak.

Energia berriztagarriaren erabilera izan da gora egin duen bakarra: % 1,5 inguru handitu da urteko lehen hiruhilekoan. Izan ere, sare elektrikoei ematen diete lehentasuna, eta ez zaie exijitzen produkzioa eskaeraren araberakoa izatea. Horrez gain, kostu operatibo txikiagoak ditu, eta azken urteetan areagotu egin dira eolikoak eta eguzki energia darabilten instalazioak.

Urte osoa aintzat hartuta, kalkulatzen dute %9 jaitsiko dela petrolioaren eskaria, %8 ikatzarena, eta %5 gasarena. Iturri berriztagarriena, berriz, %1 igoko da.

Modua ez da balekoa

Testuinguru horretan, 2020ko lehen hiruhilekoan %5 jaitsi dira karbono dioxidoaren isuriak. Gainera, nabarmen behera egin dute COVID-19ak gehien jo dituen eskualdetan: %8 Txinan eta Europako Batasunean, eta %9 AEBetan. Urte osoa kontuan hartuta, berriz, emisioa %8 jaistea espero da.

Hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak dio berotze globala 1,5 gradura mugatzeko, CO2aren isuriek urtero %7,6 behera egin beharko luketela 2030. urtera arte.

Ordea, Robbie Andrew CICERO zentroko kideak ohartarazpen bat egin zuen: «Argi dago jarduera ekonomikoaren murrizketa zorrotz baten ondorioz emisioak behera egitea ez dela behar dugun sendagaia».

Balio lezake, baina, hausnarketa bultzatzeko. Hala uste du Richard Black Energia eta Klima Inteligentziako Unitateko zuzendariak: «Azken asteetan energia ez-kutsagarrirako trantsizioa bizkortzeko agintari nazionalen promesak eta enpresen deiak jaso dira». Adierazi zuenez, promes horiek betetzen badira, munduko energia merkatuarentzat egungo krisia «benetako inflexio puntutzat» har daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.