Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gu garen piztiak

2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Neandertaletik baduen amerikar basati zuria Afrikara etorri da eta oso berezia den jirafa beltza tiroz hil du Hegoafrikako ergelkeriak ahalbideturik. Bere izena Tess Thompson Talley da». Horrela dio Hegoafrikako Durban hirian egoitza duen African Digest-ek sare sozial batean. Salatu nahi du estatubatuar emakumearen hilketa. Txio azpian bi argazkitan ikus liteke emakumearen basakeria. Jirafa ederraren gorpua eraitsia ageri da, babesgabe bere handitasunean. Hiltzailea, berriz, oka egiteko gogoa eragiterainoko harrokeriaz, harro jirafa hilaren aurrean. AEBetako emakumearen «balentriak» izugarrizkoak eragin ditu sareetan. Hainbestekoa izan da zalaparta emakumeak zerbait esateko beharra sentitu duela. Esan dituenak, baina, ez ditu urak baretu: zaharregia zela jirafa (18 urte ei zituen, askatasunean 25 ere bete ditzakete), zegoeneko ezin zuela kumerik izan, eta ez dela espezie arraroa urteekin jirafak belztu egiten direlako; alegia, jirafa arrunta zela.2016.urtean Naturaren Babeserako Nazioarteko Batasunak adierazi zuenez, jirafen populazioak %40 egin du behera. Gizakiok bere habitata hartu dugulako, eta legez kanpoko ehizagatik ere bai.

Jirafa babestu beharrean dagoen bezala, babesa behar du errinozeroak. Desagertzeko arriskuan dago, eta legez kanpokoa da bere ehiza. Baina errinozeroak duen adarra oso baliotsua zaigu, nonbait, eta legez kanpoko ehiza ez da ezohiko gauza. Hegoafrikako erreserba batera joan ziren ustezko ehiztariak errinozeroa harrapatzera, baina bidean, lehoi gosetuek harrapatu zituzten eta jan. Gutxienez hiru gizaki jan zituzten lehoiek. Erreserbako agintariek esan dutenez, triste daude gizakien heriotzengatik, baina bestetik, sentitzen dute legez kanpoko ehiza egitera zihoazenentzat mezu argia dela: ez dute beti irabaziko. Kantu bihurtutako bertso baten amaiera etorri zait burura: kalean arrasta dabilen nire antzeko piztia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.