Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Normaltasuna esaten dioten hori

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez naiz Britney Spears zale izan, inoiz ere ez. Norbaitek eskatuko balit bere abestiren bat kantatzeko, ez nintzateke gai izango. Eta, zinez, ez dakit zerk eraman ninduen bere bizitzari buruzko dokumentala ikustera; baina horrelako batean, hantxe aurkitu nuen nire burua, telebistari so. Britney Spearsek normaltasun zaharrera egin nahiko lukeela pentsatuko du norbaitek, baina inpresioa daukat, dagoeneko, zaharrak ez diola balio, gehiegi dakiela zaharrari oratzeko. Libertatea berreskuratu eta atoan, hala ere, bozkarioz ospatu du, gutako askok legez.

Dagoeneko izan gaitezke izan ginenak eta bizi gaitezke bizi ginen bezala. Mundu berria sortzeak lan asko ematen du. Urardotan ibiltzea aurpegira diezadakezu; baina harrigarria egiten zait egoera batetik bestera pasatzeko premia bizi hori. Horrela da. Agian hori da egin behar dena, katakrak aurreko neurrigabekeria. Une batzuetan irudipena daukat jausten ari den munduari irmoki atxikitzen gatzaizkiola datorrenaren beldur garelako.

Txilekoa da Matias Segura artista. Txileko Santiagoko eraikin moderno batean proiekzioa jarri zuen, 2019an, esaldirik esaldi, hauxe ona: «No volveremos a la normalidad porque la normalidad era el problema» (Ez gara normaltasunera itzuliko normaltasuna zelako arazoa). Azken hilabeteotan hamaikatan entzun dut eutsiezina dela gure bizimodua, honek krak egingo duela, gainbehera datorrela, eta gero Byung-Chul Han dago, gu denok lasaitzeko lerroburuak uzten: etengabeko gerra egoeran biziko garela; edota kolapsoa etortzear dagoela. Ezinegona. Eta hortik ulertzen ari naiz zenbaitek hartu duen carpe diem joera hori, oso hautemangarri ez den zerbaitengandik topatu duten ihesbide bakarra.

Ni amuarrainen utopia entzuten hasi naiz, eta Krak-en gelditu naiz. Salba gaitzala musikak; eta poesiak; eta maitasunak; eta gure baitako gauza on horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.