Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gorputzak

2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Garai bakoitzak du bere gorputz perfektua, gorputz bat zeinetan (emakume) gutxi sartzen den. Garen hori dena gordetzen dute gorputzek. Altered Carbon telesailak ondo ederto islatu zuen: aldagarriak dira gorputzak, eta norbere baitako barnea eramateko estaldura ederrena dirurik gehien duenak erosiko du. Gu gara geure barrukoak, baina baita kanpokoak ere. Gorputza beti izan da borroka-tokia, emakumeontzat, batik bat. Beharbada munduratzeko gaitasuna da auziaren zioa mundua mundu denetik. Kontua da emakumearen gorputza bortxatu, salerosi, erabili, oparitu egin dela antigoaleko sasoietatik...

Oso ondo dakigu emakumeok gure gorputza auzi politikoa dela, eta, zenbaitetan, larru bizian ikasten dugu gorputzaren lezioa. Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik (Lisipe, 2019) lanean ezin hobeto islatzen zuten bertsolariek zein zaila den jende aurrean gorputzarena, zein lan egiten den gorputzarekin egoteko publikoan.

Duela aste batzuk Daniel Innerarity filosofoak artikulu bat kaleratu zuen Espainiako El País egunkarian, eta harrezkero, buelta-bueltaka dut. Gorputza demokrazia batean izena eman zion; eta besteak beste zioen demokrazietan borroka-toki berria dela gorputza. Berria ote? Norentzat, berria? AEBetan abortatzeko eskubideari eman zaion kolpetzarrak ekar dezake soka, baina nire begirada beste nonbait dago: jaiotze kopuruaren beheratzean eta aspaldian entzuten ez nuen ama izan ez garen/izan nahi ez dugun/ izan nahi ez duten emakumeon berekoikeriak ekar lezakeen horretan.

Lekeitioko hondartzan, horma-irudia bat dago. Bertan bikinian azaltzen dira bi emakumezkoren gorputz ez-normatiboak. Lehen hitza dauka gainean gorputz herabe eta lotsatu batek; Orain, azpian, berriz, atzamarrarekin keinu ahaldundua erakusten du gorputzak. Gizonezkoa den lagun batentzat horma-irudi ederra da; niretzat, ostera, borroka latzen ostean irabazitako auska. Eredugarria. Ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.