Migratzaileen seme-alaben euskara maila hobetzeko plan bat hasi dute

Euskara gaitasunak ikasketetan eragin ez diezaien, aparteko eskolak emango dizkie Jaurlaritzak

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Euskara gaitasun mugatua ikasketetan arazo izan ez dezaten, migratzaileen seme-alabentzako egitasmo bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak: aparteko eskolak emango dizkiete komunikazio gaitasuna lantzeko, euskaraz trebatzeko. Hezkuntza Sailak azaldu duenez, proiektuaren helburua ez da Euskara ikasgaiko ordu gehiago ematea ikasle horiei, baizik eta gaitasuna hobetzeko saioak egitea, hainbat ikasgaitako edukiak ardatz hartuta. Aurten jarriko dute martxan proiektu pilotua, lau ikastetxetan: Gasteizen, Bilbon eta Eibarren, migratzaileen seme-alaba asko dituzten lau eskola publikotan. Bi ikasturteko proba da, eta emaitzak aztertzean erabakiko dute plana ikastetxe guztietara hedatu ala ez.

Gogoan izatekoa da hezkuntza arloko ikerketa ugarik kezka adierazi dutela ikasle batzuentzat ikasketetarako arazoa dela euskara maila apala —EAEko Eskola Kontseiluak urteko txostenetan adierazi izan du—. Gainera, azken ebaluazio diagnostikoek geldialdi bat erakutsi dute ikasleen euskalduntzean: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 14 urteko ikasleen %45ek ez daukate erreferentziazko euskara gaitasunik. Migratzaileen seme-alaben artean, gainera, handiagoa da gutxieneko mailarik ez dutenen ehunekoa. Aintzat hartzekoa da familia eta inguru erdalduna izan ohi dituztela ikasle horiek. Gainera, ISEK indize sozioekonomiko eta kultural baxuagoa dute, eta horrek zuzeneko eragina du eskolako errendimenduan —euskara gaitasunean ez eze, beste arloetan ere nabari da—.

Proiektu pilotu horren bitartez, komunikazio gaitasunean arazoak dituzten ikasleak ohiko geletatik aterako dituzte ordu batzuetan, eta bereziki hizkuntza lantzeko saioak emango dizkiete, eskolako hainbat gairekin lotuak. Eusle izena jarri diote proiektuari. Nahasmendua sor lezake izenak; izan ere, urteak dira Soziolinguistika Klusterra lanean ari dela Eusle metodologiarekin: hizkuntza ohiturak aldatzeko eredu bat da, besteak beste Euskaraldian kontuan hartu dutena. Jaurlaritzaren planak ez du harekin zerikusirik.

D eredua gora

Ikasturtea hasteko agerraldia egin zuen atzo Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Barakaldon (Bizkaia), Gurutzeta ikastetxean, eta han eman zuen Eusle egitasmoaren berri. Euskarazko irakaskuntzak beste koska bat egin du gora aurtengo ikasturtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Haur Hezkuntzan, bost ikasletik lau pasatxo D ereduan ariko dira.

Aurtengo ikasturtean badu gai pisuzko bat mahai gainean Uriarte sailburuak: hezkuntza legea egiteko prozesua. Agindua du proposamen bat aurkeztuko duela urtea amaitzerako. Sailburuak nabarmendu du hezkuntza sistema «egokitzen eta hobetzen» jarraitu behar dela, eta lege berria behar dela horretarako. «Egungo legeak indarrean daramatzan 26 urteetan, aldaketa asko gertatu dira. Begi bistakoa da azken urteetan nabarmen aldatu dela errealitate soziala». Lege proposamena urtea bukatzerako aurkeztuta ere, denbora aldetik ezinezkoa izango da parlamentuko tramitazio osoa legealdi honetan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.