Ehizan jardungo dira berriz Ulian, debekuak atzera bota dituztelako

Gipuzkoako Foru Aldundiak 46 postu ixteko agindu zuen 2014an, baina, auzitegiak kontra egin ondoren, ehiza baimendu du berriro ere

Ehizarako postu bat, Ulia mendian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ehiztariak bueltan dira Ulia mendian, bertan behera utzi baitute eremu horretan jarduteko debekua. Donostia eta Pasaia artean dago Ulia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak segurtasun eremu izendatu zuen 2014an: debekatu egin zuen ehiza. Talde ekologistek txalotu egin zuten neurri hura, baina Gipuzkoako Ehiza Federazioak auzitara jo zuen. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ehiza federazioari eman zion arrazoi 2017an, eta joan den ekainean auto bat argitaratu zuen, epai hori betearazteko. Diputazioak atzoko aldizkari ofizialean egin zuen aldaketa: bertan behera utzi du Ulian ehizan jarduteko debekua.

EH Bildu zegoen aldundian debekua ezarri zutenean, baina Ulia mendiari buruzko eztabaida lehenagokoa da. Debekuaren foru aginduan azaldu zutenez, 1989tik Donostiako lurren zati handi bat segurtasun eremu izendatuta dago, «Donostiaren ingurunean segurtasun eraztun bat sortzearren eta, hartara, pertsonen eta ondasunen segurtasuna egoki zaintzearren». Hain justu, babes eremua handitzeko eskatu zuten Donostiako Udalak 2010ean eta Pasaiakoak 2011n. Bi udalek adierazi zuten «parke periurbanoa» dela Ulia, eta hori «bateraezina» dela ehizan aritzearekin. Denera 46 ehiza postu itxi zituen aldundiak, Ulia-Mendiola eta Mendiola-Platako Farola lerroetakoak.

Auzitegi Nagusiak, ordea, baliogabetzat jo zuen debeku hura. Besteak beste, 2011ko ehiza legea erabili zuen argudiotzat, Eusko Legebiltzarrarena. Haren arabera, segurtasun eremu izatetik salbuetsita daude 2011 baino lehen onartuta zeuden ehiza postuak. Horixe da Uliako kasua. Alegia, epaileen arabera, ehiza legea aldatu aurretik postuak ipinita zeudenez, orain ezin dituzte galarazi.

Orain dela bi urtekoa da auzitegiaren epaia, baina orain arte indarrean egon da debekua. Epaia betearazteko autoa jasota, aldaketa egin du diputazioak: bertan behera utzi du 2014ko agindua, eta baliozkotzat jo ditu Uliako 46 ehiza postuak. Donostiako lurretan daude gehienak, 36, eta gainerakoak, Pasaian. Udazken honetan ehizan jardun ahalko dute.

Azken hilabeteetan «greban» izan dira Gipuzkoako ehiztariak: basurdeak eta orkatzak hiltzeari utzi diote. Amaitu dute greba. Poza azaldu dute EHNE eta Enba sindikatuek ehiztariak berriz jardunean hasiko direlako; basurde uxaldiak berriz hastea «lagungarria» izango dela onartu dute. Aldiz, ehiza larrirako aldundiak eta ehiztariek itundu duten akordioa «atzera pausoa» iruditzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.