Erregai fosiletan inbertitzeari uzteko xedean atzera egin dute G7ko herrialdeek

Irune Lasa.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ukrainako gerraren ondorioak eta klima larrialdia gurutzatu diren unean, G7ko herrialdeek atzerapausoa eman dute beren buruei ezarritako klima konpromiso nagusi batean: erregai fosiletarako inbertsio publikoetan.

Taldeko zazpi herrialdeetatik seik iazko Glasgowko COP26 biltzarrean hitzeman zuten 2023. urtetik aurrera ez zutela diru publikorik jarriko atzerriko erregai fosilen inolako proiektutan. Aurtengo maiatzean bertan, zazpigarren herrialdeak, Japoniak, bat egin zuen konpromisoarekin.

Baina G7koen bilkurari amaiera eman dion adierazpen ofizialak orain salbuespen bat jaso du. G7koek «beharrezko» ikusten dute gas natural likidotuko proiektuetan inbertitzea «momentuko krisiari erantzuteko», taldearen ustez GNL hornidurak handitzeak berebiziko garrantzia baitu Errusiako energiarekiko menpekotasuna murrizteko: «Ohiz kanpoko egoera honetan, baliteke gas sektorean inbertsio publikoak egitea egokia izatea, behin-behineko erantzun gisa».

Behin-behinekotasun hori azpimarratu zuen atzo Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak: «Iturri fosilak finantzatzeak amaiera izan behar du; etorkizuna ez da gasa. Baina luze gabe gasa beharrezkoa izango da, eta baliteke trantsizio fasean sostengua behar duten proiektuak egotea». Errusiatik etorri zaion gasa beste tokietatik ekarri nahi du orain Europak —Qatar, Aljeria, Israel, AEB...—, eta hornidura horietarako azpiegitura berriak, eta, beraz, inbertsio berriak ezinbesteko izango direla uste da.

Petrolioa

Europak lehenbailehen utzi nahi dio Errusiako gasa ordaintzeari, eta ez du nahi herrialde horrek petrolio garestitik onura izaterik aurrerantzean. AEBen eskariz, G7ko herrialdeek konpromisoa hartu dute petrolio errusiarrari gehieneko prezioa jartzea aztertzeko, ikusteko beste herrialde batzuk, India eta Txina kasurako, bultza ditzaketen gehieneko prezio hori ordaintzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.