Albistea entzun

LARREPETIT

Espainia eta patriarkatua

Hedoi Etxarte -

2023ko otsailak 18

Eztabaida digital interesgarria eragin dute zenbait lagunek asteon Ikamak otsailaren 14rako zabaldu zuen afixaren kontura. Afixan, zuri-beltzeko fondo batean bi esaldi (Maitasun erromantikoak ez digu balio. Hezkuntza neska* ikasleon neurrira) eta koloretan dozena erdi bat larrosa eta Federico García Lorcaren La casa de Bernarda Alba liburua sutan.

Esan zirenetako batzuk: antzezlan hori bera erretzeaz (bertan emakumeen zapalketak duen tokiarengatik), gure egungo munduan liburu batek munduaren ikuskera baldintzatzeko duen gaitasunaz, —edozein erakunde politikotan— ongi ezagutu beharko litzatekeen liburuak plazan erretzearen esanahiaz, edo kontzientzia politikoa duten pertsonek irakurketarekin duten harremanaz.

Beste ardatz bat gehitu nahi nuke, ETA osteko zikloari lotutakoa, eta da antiespainiartasun banalaren itzulera nabarmena.

Ia seguru nago, patriarkatuaren fetitxea García Lorca ez balitz, beste liburu bat jarriz gero, ez zela inondik ere euskarazko liburu bat hautatuko —euskal literaturan patriarkatua gainditua balego bezala—, izango zela, demagun, Pérez-Reverte edo Aramburu. Liburu baten ordez musika pieza bat balitz, ez litzateke, seguru, azken bi hamarkadetan milaka euskaldunek euskaraz abestu duten abesti patriarkal eta alienatu bat izango, hautatuko litzateke ere gaztelerazko bat. Atzeko hipotesi politikoa delako: espainiartasuna da euskaldunen gaitz guztien erantzulea. Bistan da auzi nazionalarena badela, baina beste guztiarena? Hori leganordismoa da, eskuin muturreko sustratoa duen proiektu bat (Arzalluzek esaten zuen: «Hona datorren eskuduntza, demostratua dago, hobe kudeatzen da»; hobe hori, gehiengo sindikalik gabe, kapitalarentzat da hobe oraingoz: osasungintzan, hezkuntza, garraiogintzan, kulturgintzan).

Bestelakoa zen 58ko izpiritua, ulertzen zuena euskaldun langilea dela espainiar langilearen anai-arreba eta jende xehearen etsaia berdin dela Lizarran jaiotako foruzaina eta Pontevedratik etorri den guardia zibila, defendatzen duten ordena, orden poliziala delako. Patriarkatuarekin bezala, hemen daude han bezainbeste sustrai eta adar.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.