Kutxabankek Sabadellekin negoziatzen ari dela ukatu du

Kataluniako bankua ia lau aldiz handiagoa da Euskal Herrikoa baino. Unicajak eta Liberbankek bat egiteko prozesua abiatu dute

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Caixabaken eta Bankiaren bat egiteak berriro hasi du fusioen dantza. Ezkontiderik gabe geratu den banku bat, Sabadell, hautagai bila dabil, eta BBVAren eta Kutxabanken atea jo duela kaleratu du El Confidencial egunkari digitalak. Bizkor erantzun du Kutxabankek, berehalako iragarpenik ukatu bai, baina aukera errotik baztertzen ez duen esaldi batekin: «Momentu hauetan ez gara ari operazio korporatiborik negoziatzen», ziurtatu dute Kutxabankeko iturriek, baina aldi berean onartuta beste finantza erakundeekin eta inbertsio bankuekin «etengabe» hitz egiten dutela sektorearen egoerari buruz.

Sabadell bankuak berak zehaztu du ez duela «elkarrizketa formalik» hasi beste erakunde batekin. Baina horrek ez du esan nahi Josep Oliu Kataluniako bankuko presidenteak edo haren ingurukoek ez dutenik bat egite bati buruzko kontsultarik egin balizko hautagaiekin. Berez, Bankiarekin bat egiteko aukerak ihes egin zionean, Sabadellek Goldman Sachs inbertsio bankua kontratatu zuen zer aukera duen aztertzeko. Bakarrik jarraitzea da aukera bat, baina baita beste banku bati batzea, kostuak arintzeko —lantaldea txikituz eta bulegoak itxiz—, eta hartara errentagarritasuna handitzeko. Bankuen begiratzaileak, EBZ Europako Banku Zentralak, ohartarazi du errentagarritasun arazoak dituztela finantza erakundeek, eta batzera gonbidatu ditu. EBZk nahiago lituzke estatu desberdinetako bankuen arteko batasunak, EB osorako banku sistema bakar bat osatzeko urratsa izango litzatekeelako, baina ez ditu muga baten barruko fusioak gutxiesten.

Bankia de facto Caixabanken menpe geratu ondoren, aditu guztien begiak Sabadelli begira jarri ziren, Espainiako banku sisteman egoerarik zaurgarrienean dagoen bankua baita Sabadell, lehiakideek baino kapital gutxiago duelako, eta burtsan eroriko ikusgarria izaten ari delako —balioaren ia %70 galdu du azken urtean—.

Kinieletan, finkoa

Fusioetarako kiniela gehienetan agertu da Kutxabank, eta Gregorio Billalabeitia bankuko presidenteak aukera hori elikatu du, ez baitu inoiz ukatu aukera «interesgarri» bat sortzen bada heldu egingo diola. Hori bai, argi utzita ez duela «presarik», kapitala sobran duelako. Berez, Kutxabank bere lehiakide gehienen gainetik dago arlo horretan, %17,2eko kapitala baitzuen CET1 ratioaren arabera. Sabadellek, esaterako, %11,9ko kapitala deklaratu zuen ekainaren amaieran.

Sabadellekin ezein operaziotan sartzeko oztopoa neurriak dirudi. Izan ere, Kataluniako bankua asko hazi da azken urteetan, lehiakide txiki asko erosi baititu, haien artean Banco Gipuzcoano. Gaur egun 180.000 milioi euroren aktiboak ditu Espainian, eta Kutxabank, berriz, ez da 50.000 milioira iristen. Hau da, bat egite baten beharrean, irenste bat izango litzatekeela, eta ez dago argi zer interes izango luketen Kutxabankek eta haren hiru jabeek —BBK, Kutxa, eta Vital Kutxa— botere eta kontrol gutxi utziko liekeen operazio batean. Politikoki ere eragozpenak ez lirateke gutxi, Kutxabank bera sortzeko prozesuak erakutsi zuenez.

Bat egiteko urratsa egin dute, berriz, Kutxabanken neurriko bi bankuk: Andaluziako Unicajak eta Asturiasko Liberbankek. Iaz ere egin zuten saio bat, baina ez zuen aurrera egin, baina atzo onartu zuten negoziazioak hasi dituztela. Bata zein bestea burtsan daude, eta irabazi ikusgarriak izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.