Bilboko portuan lau migratzaile atxilotu dituzte, haien kanpalekua desegin ostean

Guztira 34 pertsona identifikatu ditu Espainiako Poliziak. 18 urtez azpikoen arretan, adingabe izaera lehenesteko eskatu dute arartekoek

Etorkinek portu inguruko mendietan jarri ohi dituzte kanpadendak. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak 34 migratzaile identifikatu ditu Zierbenan (Bizkaia), Bilboko portuaren alboko lurretan trantsituan dauden pertsonek jarri ohi duten kanpalekuan. Beste lau etorkin atxilotu egin dituzte, gainera, sorterrira itzularazteko agindua dutelako hiruk, eta besteari agindu hori tramitatuko diotelako. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzako iturriek azaldu dutenez, asteartean izan zen sarekada, eta Bilboko Portuko Agintaritzarekin koordinatuta jardun zen Polizia. Hemeretzi kanpadendatan zeuden migratzaileak, «gutxieneko higiene baldintzarik gabe», eta denak eraitsi dituzte poliziek.

Ordezkaritzaren arabera, kanpalekuan zeuden gehienak gizon gazte albaniarrak dira; ezkutatuta egoten dira portuaren inguruetan, ontziren batean sartzeko zain, Erresuma Batura iristeko. Orain hiru urte inguru hasi ziren migratzaileak inguru horietan biltzen, eta, tarteka, sarekadak egiten dituzte poliziek, kanpalekuak husteko. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 2019 hasi zenetik 800 pertsona identifikatu ditu egoera horretan.

Zierbenan eta Santurtzin migratzaileekin lan egiten duten eragileek salatu izan dute «etorkinak beldurtzea» dutela helburu halako polizia operazioek, eta kanpalekuetan adingabeak ere egoten direla.

Alde horretatik, 18 urtez azpiko migratzaileak babesteko deia egin dute EAEko eta Nafarroako arartekoek, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako arartekoekin batera sinatutako adierazpen batean: «Seniderik gabe iritsitako etorkin adingabeekin lotutako erabakiek haien interes gorenarekin bat egitea exijitzen dugu, hau da, adingabe izaera lehenestea atzerritar izaeraren aurretik». Era berean, irmo azaldu dira etorkin adingabeon «kriminalizazioaren aurka», eta sentsibilizazio handiagoa galdegin dute, gazteon «estigmatizazioa» saiheste aldera.

Arartekoek gogora ekarri dute haur eta nerabe horiek bereziki zaurgarriak direla salerosketa sareen aurrean, eta plangintza «nazional» bat eskatu dute haiei harrera egin ahal izateko. 18 urte bete osteko egoerei ere erreparatu diete: «Adingabeen babesa ezin da bat-batean eten adindun bihurtzen direnean, horrek ekar dezakeelako gazteak bazterketa sozialean erortzea».

'Aita Mari', igandean

Bestalde, atzo bigarrenez atzeratu zen Aita Mari ontziaren itsasoratzea, ekaitz arriskuaren ondorioz. Hangoo iturriek jakinarazi dute igandean itsasoratzea espero dutela. Ezingo dute Mediterraneoan erreskaterik egin; laguntza humanitarioa banatzeko baimena baino ez die eman Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.