Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Izan zirelako gara

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Laburra da liburu baten bizitza. Haizea aldeko badu bizpahiru hilabete iraun dezake, eta denbora hori igarota saririk edota itzulpenik izanez gero luza liteke bere bizitza. Berriki neure eskuetara ailegatu diren liburu bik gogorarazi didate ia ezer ez dugula asmatu, eta belaunaldiro zerotik hasteko joerarekin amaitu behar dugula (ez soilik literaturan, bide batez).

Emakumeak mintzo. Aizan da aipatu nahi dizudan lehenengo liburua; Elkar argitaletxeak eta AEK-k batera kaleratu zuten. 1983ko liburua da, eta dagoeneko agortuta dago. Beharbada bigarren eskuko liburu dendaren batean aurki zenezake, edota (niri neuri jazo bezala) lagunen batek utz diezazuke. Bestela, jai duzu. Adin ezberdineko emakume euskaldunek hitz egiten dute zuk eta biok ditugun arazo berberez. Are gehiago, egun tabu iruditzen zaizkigun gauza horiez ere mintzo dira, hilerokoaz, esaterako. Ez gara hain abangoardia, edo Letek esan zuen lez, ez gara hain onak, benetan.

Niretzat, ordea, aurkikuntza bikaina da Echauz-eko anderia-k kaleratutakoa, hots, Madame D'Abbadie D'Arrast-ek eginikoa (Charles-en emazte eta Antonen koinata zenak). Liluratuta nauka. Jatorrian frantsesez idatzi zuen joan den mendearen hasieran, 1909an, Causeries sur le Pays Basque. La femme et L'enfant. Hasierako hitzak 1908an idatziak dira Baigorriko Etxauzeko gazteluan, bizi zen tokian. Liburua Dihursubehere senar-emazteei eskaini zien, batez ere emazteari (ez dut emakume honetaz deus ere aurkitu). Nik espainierazko bertsioa daukat (maileguan). Euskaraz kaleratu zen?

Marie D'Abbadie D'Arrast feminista porrokatua izan omen zen, eta emakumezkoen bertso saioen kronikak egiten ei zituen. Euskal Wikipedian sarrera ere badu, baina gutxik ezagutzen dugu.Berreskuratu beharko genituzke gure aurreko emakumeek egin zituztenak, besterik ez bada, erreferentziarik izan dugula gogoratzeko eta hain bakarrik ez gaudela sentitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.