Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Udagoieneko gau batean jazoa

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ezin nuela salaketarik jarri esan zidan. Salaketa jartzeko kutxa behar nuela, telefonoaren kutxa. Zer kutxa eta zer luntxa, ostu egin zidatena telefonoa izan zen, ezkutxa. Baietz, baina kutxa zela garrantzitsuena. Ea ba ote nuen. Kutxa? Ez. Zenbakia zen gakoa, eta hori kutxan zegoen. Telefonoak ere baduela zenbakia eta horrekin ere sala nezakeela lapurtutako telefonoa. Alegia, lapurtutako telefonoa salatzeko lapurtutako telefonoa behar nuela. Gero eta gehiago maite dut surrealismoa.

Ohiko egoeran, Mendebaldeko hiri batean egon zaitezke bakarrik gaueko isiltasunean, kaleko banku huts batean, egonean. Ziurrenen, zugandik kilometro askora dagoen bulegari-voyeur batek jakingo du non zauden, eta bakarrik bazaude ere badakizu, berez, ez zaudela. Ordu txiki haietan, baina, hiriko argiak goitik ikusten ari nintzen, EuropakoEspazio Geltokitik bezala, eta inork ez zekien han nengoenik. Sakelako barik genbiltzan garaiak etorri zitzaizkidan akordura. Deiadar egiten genion elkarri kaletik leihora. Edo aurreko egunean/astean egiten genuen hitzordua, eta sekula ez genuen pentsatzen kale egingo genuenik. Nik ez, behintzat. Eta zer amorru norbait agertzen ez zenean (batik bat, interes erromantikorik bazegoen).

Hiritik herrira jauzia izugarria zen horretan. Herrian inork ez zuen hitzordurik jartzen, bagenekien, jakin, beti egongo zela norbait, beti agertuko zela baten bat. Joan den mendekoa naiz, argi dago.

Gau horretan, ordea, bakarrik, sakelako lapurtua ahazturik, hiriaren edertasunaz jabetu nintzen. Ederrak dira, gero, argiak. Euri osteko giroa zegoen, sargoria apalduta, baina beroaren gomuta bezalako zerbait zegoen airean, eta argiek dir-dir egiten zuten. Han, bakarrik, hiriari so gelditu nintzen. Ezagutzen ez duzun geltoki batean gelditzea bezalako zeozer zen, ondo eta txarto sentitzen nintzen aldi berean. «Zein txarto —esan nion neure buruari—, baina zein ondo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.