Ander Perez Argote
LARREPETIT

Piztiaren emozioak

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Hala esaten dio galiziar anaia protagonistetako batek,As bestas filmean, kanpotik herrira etorritakoari: «Kaka usaina dugu». Eta hor laburtzen da film osoa erdibitzen duen marra: alde batean, bi anaia abeltzain, abandonura kondenatutako ogibide batean itota. Bestean, Frantziatik hara joandako bikote bat, lur puska bat erosi eta tomate ekologikoak ekoiztera dedikatzen dena. Eta bien tartean, enpresa bat, haize errotak jarri asmoz maletin bete diru iritsia, lurrak uztearen truke. Anaiek miseriazko bizitza atzean uzteko aukera ikusi dute eskaintzan, baina jabe guztien botoak behar ditu proiektuak, eta frantziarrek ez dute berena eman nahi. Ingurugiroan sortuko den kaltea eta lau sosen truke herria hutsarazi beharra dute argudio.

Kontuak kontu, bi anaiek frantziarren kontra bideratutako eraso, mehatxu eta izu oldea kontatzen du filmak. Anaiak bi piztia biolento dira. Eta hala, ezinbestean sorrarazten zaio ikusleari haiekiko arbuio eta beldurra. Baina ez osorik. Zeren eta, aldi berean, nola ez ulertu behingoz mundu horretatik irteteko aukera eduki eta ukatzen zaien anaien frustrazioa? Zer eta, gainera (tori beste osagai bat barne-gatazkarako) duela gutxi kanpotik etorritakoa bada oztopo? Nola ez bigundu, piztiak piztia, halako emozioen aurrean?

Bi anaia horien izugarrikeriak zuritu behar ez izateko, emozioak ezin duela dena zilegiztatu errepikatu diot neure buruari zinematik irtenda. Eta gogoratu dut nola esaten genien biktimei, gatazkaren gordinean, haien minak ezin zuela politika baldintzatu. Baina pentsatu dut, aldi berean, nola (eta eskerrak) badiren pertsonen zaurgarritasuna politikaren zentroan jartzen duten gero eta ahots gehiago, gogortasuna baldintza zen garaietatik ez hain urruti. Arrazoiaren eta emozioaren artean oreka nola bilatu izango da kontua. Baina horretarako, hasteko, ebatzi beharko genuke, adibidez, zeretik duen gehiago «kaka usaina dugu» esaldiak, emoziotik, edo arrazoitik. Eta ez da hain erraza erantzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.