Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gizon batzuek gorrotatzen gaituzte

2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ni etxera bidean nindoan iluntze buruzuri batean, hiritik patxada osoz ostera luzea egin ondoren. Artean iluntzea igarota zegoen, eta hotz egiten zuen. Hotzak eta ilunak kaleak hustu zituen, beraz. Espaloi beretik, baina bueltako bidean, energia askorekin zetorren gizon gazte bat. Kirola egiten zegoela begitandu zitzaidan bizkor zihoalako, baina baliteke bera ere etxe bidean egotea. Normala zirudien, baina zer da normala? Ahopeko kanturen bat zerabilen, letra bako nanaina horietako bat. Nire parera ailegatzerakoan nanaina artean hijaputa esan zuen, gelditu barik, munduko gauzarik normalena balitz bezala. Ez ninduen ezagutzen. Ez nuen ezagutzen.

Zurtuta geratu nintzen kale erdian, hotza ere sentitu ezinean. Pentsatzen dut bera botereak puzturik joan zela; alegia, letania hutsalean kamuflatu behar izan zuen irainak, nonbait, boteretsu sentiarazi zuela. A ze balentria, hagin arteko marmar ia ahopekoan ostendu behar izatea jaurti zidan laido klandestinoa. Barruak jan egiten dion frustrazioan tregoa nano bat, ez besterik. Biolentzia ikusezina, kalterik egiten ez duena, esango du norbaitek. Badakit, jakin, ez zela nire kontrako ezer. Badakit bere gorrotoaren jopuntua ez zela Goizalde; baina aldi berean, badakit, jakin, bazela. Ziurrenen bere bizitzaren uneren batean (edo guztietan) bere pribilegioak urraturik sentitu dituen gizona zen. Nor da erantzulea? Asko izan litezke, baina oro har emakumeoi egokitzen zaizkigu hauek, jakina; ergo, ni. Keru mugarrituak ihesbideak behar ditu, eta nor bat ere bai.

Gorroto itsu eta arrazoibako hori ulertu guran joan nintzen handik, etxera. «Gizon batzuk mundu honetan egokitu zaien tokian ez daude eroso», esan zidan lagun batek. Uste dut lasaitu nahi ninduela berak ere ulertzen ez zuen ekintzaren aurrean. Agian gizona lagunengana joango zen, burgoi, emakume ezezagun bati hijaputa deitu ziolako. Gizon batzuek gorrotatzen gaituzte; kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.