Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hil eta gero, salda bero

2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idazle handia izan zen J.L. Borges. «Soilik joan den horixe da gurea dena». Berak esana. Asko idatzi zuen, esanak ere asko zituen. Heriotzarekin horiek denak alargunak jaso zituen, Maria Kodamak. Azken hau, baina, aste honetan bertan hil da. Ezelango testamenturik utzi gabe. Ez dute aurkitzen, dagoenik ere ez dakite. Borgesek ez zuen seme-alabarik izan. Maria Kodamak ere ez. Jorge Kodama haren neba da, eta honek bai, bost seme-alaba ditu, eta epaitegietan oinordekotzat har ditzaten eskatu dute. Maria Kodamak, ordea, ez ei zuen hartu-emanik nebarekin, eta seguruen, lobekin ere ez. Dena airean dago. «Denbora da ni egiten nauen sustantzia». Borgesen beste bat. Maria Kodamak estuki zaindu izan zuen senarraren legatua. Literatur balio handikoa, eta seguruen beste balio handikoa ere bai. Irakurri dut hamar urtetan oinordekorik agertuko ez balitz, edota epaitegiek norbait oinordekotzat hartuko ez balute, Maria Kodamaren ondare oro Buenos Aires hiriaren esku geratuko litzatekeela. Egongo al da argitaratu bakorik tarte horretan? Dokumentalik eta enparaurik egingo dute?

Maria Kodamaren heriotzaren egunean jakin ditut beste emakume baten izen-abizenak: May Pang. Hau bizirik dago eta dokumental bat egin dute bere istorioarekin. The lost weekend: a love story (Galdutako asteburua: maitasun istorio bat). John Lennon-ekin bizi ei zuen maitasun eta sexu afera, 18 hilabeteko iraupena izan zuen asteburua. Diotenez Yoko Onoren oniritziarekin egin zuten. Diotenez, Yoko eta Johnen artekoa gainbeheran zegoen eta Yoko Onok eusteko aurkitu zuen bidea izan zen. Diotenez... diote. Eta dokumentalak egiten dituzte. Sarri, «diotenez» nahikoa hezurdura da istorioa eraikitzeko. Horrekin batera, hala ere, heriotzaren bat elementu garrantzitsua da. Ukazioak saihesteko, ezinbestekoa. Esana utzi zuen Borgesek: «Teoria oro da zilegi eta batek ere ez du garrantzirik; garrantzia duena da horiekin egiten dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.