Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Erretretak eta jubilazioak

2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek erretretaren aldaketaren kontra ahotsa goratu dute. Gauzak aldatzen ez badira, 64 urterekin utziko diote lan egiteari. Bizkaian, Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban, berriz, osterantzekoa da kontua. Gauzak aldatzen ez badira, 67 urterekin utzi ahal izango diogu lan egiteari (lan ordaindu eta kotizatua izan eta bizirik irauten dutenek). Albiste gaindosia gandua bezalakoa da, ez dizu begi aurrean duzuna ikusten uzten. Nik kasualitatez ikusi nuen lerroburua: 200.000 eurotik gora zure jubilazioa atzeratzeagatik. Espainiako Gobernuak iragarritakoa da, eta, jakina, letra txikia dauka: jubilazio adinera heldu eta jarraitzen duzun urte bakoitzeko 12.000 euro inguru jasoko dituzu. Demagun 67 urte dituzula, jubilazio adin ofiziala; zenbat egin beharko zenuke lan albisteak iragartzen zituen 200.000 euro horiek irabazteko? Hamazazpi urte. Alegia, 85 urte izango zenituzkeela. Nork nahi du 85 urte arte lan egin?

Japonian, esaterako, bada enpresa bat, Nojima, lan egiteko muga kendu duena: langileekhil arte ere lan egin lezakete. Espainiako ekonomia egunkari batean irakurri dut 80 urteko pertsonek egin litzaketen lanen inguruko erreportajea: 80 lanbide arrakastatsu 80 urtera arte lan egiteko. Ordainpeko albistea da, eta, egia esan, ez ditut irakurri nahi proposatzen dituen lanbideak. Nork egingo du lan 80 urtera arte? Bada, ziurrenen, diru gutxien dutenek (edo dirurik ez dutenek). Ez dute lan egingo Bilboko fruta denda bateko 99 euroko gereziak erosteko, lan egingo dute bizitzeko. Nire inguruan 80 urteko gizonak daude, urte luzeetan lan latza egitetik atsedena irabazi dutenak. Osasunak uzten dien neurrian bizitzaz gozatzen. Ez daude lan egiteko, inondik inora.

Eta gero gure amarekin gogoratu naiz. Gure amama eta izeko guztiekin. Gogoratu naiz inguruko emakume zahar ororekin. Denak hil arte lanean jo eta su. Eta ezelango sosik jaso gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.