Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Kopak gora

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ez dakit taosa zuzenean ikusteko aukera izan duzun inoiz. Zeru urdin eta itsaso urdinagoa egon arren, halako batean, lurrun indartsu eta geldiezina sartzen da bazter oro estaliz. Liluragarria da zelan sartzen den, zelan okupatzen duen espazioa, nola inguratzen zaituen. Taosa lez sartu zitzaidan tristura. Desordua da beti heriotza baten iragarpena. Osaba hil da, mezua irakurri eta atoan gasa fin opakua zirimolatzen hasi zitzaidan. Hiru berba soil nahikoak dira bizitza oso batean zeharraldia egiteko.Dagoeneko ez dago.Taosak dena estali du eta astindu ezin dudan hotza utzi dit barruetan, sargoriak ere gainditu ezin duena. Erresidentzia batean joan da, maite zituen gehienengandik urruti, bakandua, azken hilabeteak eman dituen gisara. Covid 19ren albo kaltea. Zimeltzen joan den landarea izan da gure osaba. Ez du birusak hil, tristurak eta bakardadeak hil dute. Zaharrak babestu guran ziegatu ditugu. Babes emozionala ahaztu zaigu, agian honek denak zahartzaro ezberdin baterako ateak zabalduko ditu, agian balioko digu zaintzaren garrantziaz jabetzeko. Baliteke eta beharbada.

Gure osabarekin memoria eta historiaren lekukotasun garratza doazkigu. Izan ere, bera baitzen gure etxeko azken gerra-umea. Habana itsasontzitik Sobietar Batasunera ailegatu zen eta bertan eman zituen haurtzaro eta gaztaroa. Hilabete batzuetarako izan behar zen, baina urte luzeegietarako izan zen. Behin saiatu nintzen berarekin hitz egiten, bizi izan zuen hura konta ziezadan, baina eskuarekin astindu zuen airea. Urte haiek pasatutzat ematen zituen, hamaika gauza dago kontatu ez zizkigunak. Guk ere ondorengo belaunaldiarentzat gorpuztu beharko dugu errelatoa. Agian bere heriotzarekin jazotakoa kontatu ahal izango diogu elkarri. Zauriak orbaintzeko garaia ekarri du orbaindu beharko dugun beste min batek. Abegikor izan dakiola lurra, aurki dezala atsedena. Gugan bego betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.