Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Atsedena

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Gau garbietan, zerupean etzan, eta gora begira hasten bazara gure nanotasunaren kontzientzia hartu ohi duzu. Bertigoa ere eman liezazuke txikitasun horrek, baina niri neuri gure neurria zein den gogorarazteko balio dit. Denak galtzen du zentzua, eta aldi berean, denak hartzen du. Gora begirako gauetan ikasi nuen nik, duela asko, W irudia zuena Kasiopea zela. Harrezkero W zeruan bilatzea ontzat hartzen dut eta itolarrietan bila aritzen natzaio obsesiboki. Norbaitekin banago «hori Kasiopea da», esaten diot, baina ez dut uste esan nahi diedana ulertzen dutenik. Batzuetan arrotz sentitzen naiz eraiki dugun/diguten bizitza honetan, estralurtar eta outsider; eta Victor Jarak abesten zuen hartako esaldi bat kantatzen dut ahapeka: la vida es eterna en cinco minutos (bizitza eternoa da bost minututan). Ezin uka ikasturte berezia izan dela, luzea. Atsedenari hasiera emateko ez dakit irakurgairik egokiena hautatu dudan, Remedios Zafraren saiakera bat irakurtzen hasi bainaiz. Beharbada shock gisara balioko dit.

Birikietara batu zait bizitza azken hilabeteotan, okupazioa dagoeneko erabatekoa da, eta oxigenorako leku gutxi utzi dit. Seinalea da. Ostendu egin behar gara horrelakoetan, Kasiopearen bila jo. Lubakietan bizi garenok ere behar dugu arnasgunerik lantzean behin, zeru garbia itsasotik hur. Aurton, ez dakit zergatik, gogora etorri zait lagun batek aspaldi bidali zidan esaldi bat, sakelakotik sakelara erreskadan bidaltzen diren horietakoa. Hunter S. Thompsonek idatzi ei zuen. Bizitzak ez lukeela izan beharko hilobira gorpu eder eramaten zaituen bidaia zioen. Bere ustez erabat higaturik eta txikiturik aze bidaia! esanaz egiten den osteratxoa izan beharko luke. Horrela ailegatu naiz ni hona, derrapatzen. Hautsez beterik, arropa urratuta eta ilea anabasa bilakaturik sentitzen naiz. Horregatik dakit Kasiopearako tenorea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.