Blanca Urgell
LARREPETIT

Zenbatzen ederki dakigu

2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Australiako aborigenek ez omen zekiten zenbatzen beren hizkuntzetan, baizik eta bat, bi, hiru, asko... eta kito. Aho zabalik irakurri izan ditut honelakoak txikitatik, munduko aborigenen irudiak albumetan itsatsi eta begira-begira egoten nintzaien bezala. Otoitza: Jainkoa, lagundu iezadazu bereizten noiz den zure sorkuntzaren aniztasunarekiko miresmena, eta noiz gure nagusitasun intelektualaren gaineko aurreiritzia.

Nire otoitzek ez dute beti erantzunik jasotzen, baina gaur Shanon Foster-ek erantzun dit, zeru goienetik barik inter-saretik. Bera Australiako D'harawal herriaren Ezagutza Zaintzailea da. Kultura honetan, parean dituzten Melanesiako bestetan bezala, ez ziren hatzak bakarrik erabiltzen zenbatzeko, ezta hatzak eta behatzak bakarrik, gorputz-atal gehiago baizik. Victoriako Wurunjeri herrian, Alfred Howitt antropologo australiarrak atzamarrekin bost arte zenbatu eta gero besoan jarraitzen zutela ohartu zen. Esate baterako, 1-4 arte hatzak, 5 erpurua, 6 eskumuturra, 7 ukondoa, 8 sorbalda... zenbakiek gorputz-atalen izenak hartzen zituzten metaforikoki, eta gero beste besotik behera joango ziren. Era honetara, aurkako besoko hatz txikerrak 17-23 arteko zenbakiren bat adieraziko du, beraz, hizkuntzaren arabera.

Ingelesak etorri eta, denboraz, bostetik gorako zenbakiak ingelesetiko maileguak dira hizkuntza batzuetan, eta bestetan zenbaki arabiarren formen deskribapenak, Claire Bowen ikertzaileak erakutsi zuenez. Warlpiri hizkuntzan, adibidez, 7ak luzera irregularreko besoak dituen bumerangaren izena darama; 8ren izenak begiak esan nahi du, eta 9arenak edalontzia edo lapikoa, nabarmenki heldulekua duena.

Txikitan atzamarrekin zenbatzea debekatuta zegoen. Kaikua edo zabarra behar zenuen izan hori egiteko. Dena buruz egitea hobe. Ez diot ezetz, baina nik oraindik egiten dut sarri, inork ikusten ez nauen lekuetan beharbada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.