Blanca Urgell
LARREPETIT

Saint-Just eta zarpailak

2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Amonak petatxuak josten zituen aitona arotzaren buzo urdinaren belaunetan beste urtebete iraungo zuen esperantzan, eta buelta ematen zion haren alkandora onenari, behekoa gora eta goikoa behera ekarririk, lepokoa eta eskumuturrak berriztatu eta hara: berriz igandetan eramateko moduan. Guk ere txikitan armairuan bi jantzi baino ez: ikastetxeko uniformea eta igandetakoa. Hazi ahala, arropa berria urtean birritan erosten ziguten: Corpus egunerako udakoa, eta negukoa ez dakit noiz. Gezurra dirudi orain.

Anuario de Estudios Medievales aldizkariak Erdi Aroko birziklatzeari eskaini berri dio monografiko bat, irakurtzea merezi duena. Editoreak diosku gaurko ekonomia zirkularraren aldeko mugimendua hein batean iraganera itzultzea dela, aldeak alde, Industria Iraultza eta plastikoaren inbasioa baino lehenagoko garaietan berez egiten zen zerbaitetara. Gorabeherak ditu honek, konparazio guztiek bezala: kare onena erromatarren eskulturak hauts eginez lortzen omen zen, eta edozeinek ikus dezake gaur, behin apaintzen zuen polikromia galdu eta gero, Saint-Just de Valcabrère basilikan nola errukirik gabe berrerabili ziren Lugdunum Convenarum alboko villa erromatarretik hartutako harriak (behe-erliebeak, zutabeak, kapitelak), buruz behera jarriak zein basatiki moztuak, erlijio berriaren eliza goitik behera eraikitzeko. Petatxuen eliza da, horrelakoak gustatuz gero ordu pare bat begira-begira igaroteko bezain erakargarria.

Amonaren trebeziak amak baditu, baina nik ez: erabili eta berrerabili, konpondu, ez asko erosi, ez nolanahi bota, ez noranahi. Oparitu. Hona nire armak. Nik alde batera utzitakoak ez nituzke Atacamako basamortuan ikusi nahi, baina ezta ere norberak nahi ez dituen arropak-eta saltzeko sortu diren enpresa harrigarri horietan: Zara, Primark edo H&M-ren hain berdinak direnak, pilda eta zarpailen Sain-Just berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.