Atxilotze zentro bonbardatura itzularazi ditu Libiak 38 iheslari

Kostazainek itsasoan atzeman dute migratzaile talde bat, eta hilaren 3an 53 lagun hil zituzteneko gune berberera eraman dituzte

Tajura atxilotze zentroaren hondakinak, bonbardaketaren egunean. EFE.
mikel rodriguez
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gerra zibil betean murgilduta dago Libia, eta gerra horretan harrapatuta daude herrialde horretatik Europara migratu nahi duten Afrikako eta Asiako dozenaka milaka pertsona. Haiek atxikitzeko erabiltzen duten zentro bat bonbardatu zuten hilaren 3an. Eraikina suntsituta gelditu zen, eta 53 errefuxiatu hil zituzten. Bada, Tripolin agintea duen gobernuak atzo jakinarazi zuenez, berriz hasi dira Europara bidean atxilotu dituzten migratzaileak zentro horretara eramaten.

Nazio Batuen Erakundeak babesten duen gobernuaren esku dago Tripoli, eta hiriburua hartzeko erasoaldi bat hasi zuen apirilean Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarrak. Ayub Gassim Tripoliko gobernuaren bozeramaileak atzo erran zuenez, kostazainek Mediterraneoan atzeman zituzten 38 migratzaile sartu dituzte zentro bonbardatuan. Gehienak Egiptokoak direla azaldu zuen Gassimek.

Migratzaileei Turkiako bidea itxi ondoren (2016) bihurtu zen Libia irteera gune nagusi. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak iragan astelehenean elkarrizketa batean erran zuen Ankarak eten egin duela Europako Batasunarekin egin zuen migrazio akordioa, baina, oraingoz, adierazpen horrek ez du aparteko ondoriorik ekarri. Suleyman Soylu Barne ministroak atzo jakinarazi zuen urtea hasi denetik 43.000 migratzaile deportatu dituztela beren sorterrietara. Urtea bukatzerako, 80.000 izatea nahi dute. Siriakoak deportazioetatik salbuetsi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.