Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Txantxa argigarriak

2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Indiako ezkontzen %90 gurasoek edota familiek adosten dituzte. Gauza asko izaten dira aintzat, bat, horoskopo zeinu berbera izatea, hortxe ikusten baitituzte bateragarritasunak. Maiz, ezkongaiek ezkontzan bertan ezagutzen dute elkar. Kastak kasta, emakumeari dagokionez azal zuriduna bada, hobe; eta aintzat hartzen dira sukaldaritzan duen ezagutza eta etxea atontzen baliagarria den edo ez. Honek azal dezake Indiako iparraldeko dozena bat egunkaritan agertutako iragarkiak eragindako zalaparta. Emakume bakan batzuek egunkarietan iragarkiak ordaintzen ei dituzte senar eskean, baina hau ezberdina zen:

«Feminista setatia. 30etik gora urte, ondo hezia, ile laburra eta piercing-a. Kapitalismoaren kontrako gizarte lanetan aritzen da lanean. Mutil guapoa bilatzen ari da, 25-28 urte bitartekoa, negozioak dituena, aberatsa, etxetzarra daukana. Sukaldaritzan moldatu beharko litzateke. Korroskadak eta puzkerrak botatzen ez dituena». E-maila ere agertzen zuen iragarkiak. Aipagai duten emakumeari txantxa egin zioten nebak eta lagun min batek, urtebetetze egunerako. COVID-19a dela eta, ezin dutenez ganoraz ospatu, horretara bideratuko zituzketen rupiak iragarkian inbertitzea erabaki zuten: ia 150 euro (13.000 errupia indiar). Feministak ez dituzte maite Indian ere, egin ezazu kontu esan dizkiotenak; gorriak, beltzak eta zuriak. Hipokritatzat hartu dute (beste lore sorta ederren artean) bera baino gazteagoa eta aberatsagoa den gizona eskatu duelako, eta guapoa. Berak, 30 urteko feministak, umorez hartu du, baina irri eta mirri artean nabarmen utzi du bere herrian dagoen hipokrisia. Izan ere, gizonezko batek emakume eder, zuri eta argala eska dezake; emakumeek, berriz, ez. Zeharo suminduta agertu diren horiek dira, hain zuzen ere, emazte bati horrelako eskakizunak egiten dizkiotenak. Txantxa batzuk errealitatea baino gordinagoak dira, sarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.