Blanca Urgell
LARREPETIT

Irain batzordea

2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Oscar sarietan Jada Pinkett aktore, ekoizle, zuzendari, abeslari, konpositore eta enpresaburuari bi mozolo horiekin gertatutakoa fresko-fresko gogoan, zabaldu dut Veleia aldizkariaren azken alea, ezustean «Kortesiari eta deskortesiari buruzko ikuspegi berriak: antzinako grezierazko literatur elkarrizketetako ikerketak» izeneko monografikoa dakarrena ingelesez.

Irainak, kritika zorrotzak, galdera edo aurresuposizio desafiatzaile edo desatseginak, kondeszendentzia, mezu-indartzaileak («Aditu duzu?»), kaleratzeak («Zoaz hemendik!»), isilgarriak («Ixo!»), zein mehatxuak eta adierazpen negatiboak («Itoko ahal haiz!»), zakarkeriak hamaika aurpegi ditu (Culpeper 2010).

Julio Urquijoren «¿Existen maldiciones y juramentos en vascuence?» (1920) lanean ageri da orduan euskaldunek eurek (itzul dezadan: elizgizonek) zabaldurik, askok sinetsi zuten euskaraz ez zegoela biraorik, kristau onenak ziren zeinu eta seinale. Urquijok di-da gezurtatu zuen, zortzi bat orrialdetan, zekizkien guztiak aipatu gabe ere. Alferrik: orain ere badago sinesten duenik, ja-jai!

Mende bat beranduago hegoaldetarrok ezagunak gara espainolaren eremu osoan kontrakoagatik, hain justu; halere, ospea ostia, kabron eta mekaguendios-ka irabazi izanak euskararen arima garbia salba lezake, diot nik. Lekutan daude hortik Fernando Maiorak (2011) bildu Nafarroako irain zaharrak: oilaka txarra, bellako itxuragilea, puta estalkia, sabel gaizto zikina, puta zarra aza gaiztoz erditzen zarana, ardansaskia, zakilerre, bragetandi, hordizarra, frai zikin...

Alabaina, nork berpiztu? Adi, eta Urquijok 1920an erruz entzuten zituenak zertan daude? Nik ez ditut entzuten Ala jainkoa!, Arrano pola!, Ozpina!, Mila demoniua!, Deabruaren arima!, Deabruaren bisaia! haiek. Eta esan, Arrayua! besterik ez dakit esaten nik. Euskara batua behar bezala hornitzeko, bada, noizko Euskaltzaindiaren Irain batzordea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.