Blanca Urgell
LARREPETIT

Barka gaizkigutzu

2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean, konpainia ederrean, Alkizara joan nintzen aurrenekoz. Aitzakia ez zen nolanahikoa: udalak Juan Irazusta (1688-1772) bertako semeari omenaldia egin zion, eta hartan Olatz Leturiaga lankideak hari buruz idatzi duen liburua aurkeztu.

Irazusta nor den, alkizarrek ere ez omen zekiten jada, baina guretzat eguneroko izena da, Hernialdeko erretorea zenean, 1739an, gipuzkeraz argitaratutako bigarren liburua idatzi baitzuen, bi mendetako gipuzkoar askoren kristau dotrina izan zena. 50etik gora edizio atera ziren lerro-lerro, azkena 1939an.

Erabilgarritasuna helburu, sarritan edizio berrien arduradunek aldaketatxoak egin zituzten edukian zein forman. Hizkuntza bera ere aldagai horietako bat zen: arkaismoak forma berriekin ordezkatu, maileguak hitz jatorragoekin... Garaian garaikoak aldatu ziren.

Akatsak ere egin ziren. Akatsak edo. Irazustaren 1826ko edizioa 1739koarekin erkatzen ari, Aita Gurean bitxikeria bat aurkitu nuen: zaharrak barkatu egizkutzu gure zorrak dioenean, 1826koak barka gaizkigutzu dakar, ohartuki edo oharkabean norbaitek eratu zuen adizki frankensteindar horrekin.

Halako zerbait egingo banu, norbaitek nire lepora barre egingo luke, eta kito. Alta, dotrina buruz ikasten genuen umeok Franco hil arte behinik behin. Honegatik, Altzoko Imaz bertsolariak (1811-1893), txikitan ikasiaz eta maiz errepikatuaz fidaturik, hauxe idatzi zuen: «Barka gaizkigutzu guri geren zorrak / guk zor diguenai bezela. / Kristok Aitari ondo eskatu zion guretzat horrela». Eta Guzik gaxo bakarrizketa (Antzerti, 1932) X-rekin sinatu zuen ezezagunak ere berdin: «(umeak negar egiten du) zer, ez al zaude ondo?... eseri emen... (...) Eta barka gaizkigutzu gure zorrak... (umeak negar egiten du) tira ixilduko al zera, ala ez?».

Hona Irazustaren bi ikasle. Zeruko ateetan San Pedrok hizkuntza azterketarik ipini ez izana opa diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.