Ander Perez Argote
LARREPETIT

Bagenekien arren

2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Guretzat Montejurra ez zen mendi bat, mendi egin genuen arte. Orain pare bat urte izango zen, lagunekin igo ginen tontorrera, Iratxetik. Ordura arte, gurasoen kontakizunetara lotutako izena zen, edo Interneteko esteka batetik besterako jauzietan azaldutako toponimo bat, beste bat gehiago sepia koloreko izenen bilduman, 1978ko sanferminak—horrela, izen propio gisa— edota Mikel Zabalzaren izen-abizenak nahasten ziren zaku berean. Montejurrakoak, dena dela, pizten zuen beste kuriositate bat aurreko hamarkadetako lurrikara politikoaz dena jakin nahi genuen gazte kuriosoentzako. Karlistak munduko gauza erreakzionarioena ziren guretzat, gerra garaian jendea garbitzen aritutakoak, jaungoikoaren eta erregearen izenean. Horregatik txunditzen gintuen frankismoaren akaberan sozialismoa, amnistia eta autodeterminazioa aldarrikatzen ibili zirela jakiteak. Horregatik joan ziren ultraeskuindarrak haiek akabatzera 1976ko maiatzaren 9an. Magal horietan gora ibili ginenean lotu genituen gertakaria eta tokia, orain bi urte, eta egin genuen historia mendi.

Egunotan azaleratu dute egia: Espainiako Gobernuak —Fraga ministroa buru— antolatu zuen 5.000 ultren eta mertzenarioen mobilizazio hura, azken urteetan kutsu antifrankista hartzen ari zen Montejurrako erromeria zanpatzeko. Bi lagun akabatu zituzten faxistek.

Eta gertatzen da halakoak entzun eta nolabaiteko apatia sorrarazten zaigula, «bai, bagenekien, eta?» moduko bat, denok jakina zena demostratzen delako, bai, baina ez delako ezer aldatzen.

Eta orduan, zoriagatik edo, egun berean irakurtzen duzu Nafarroan gutxienez 1.068 tortura kasu izan direla ondorioztatu dutela, eta irakurtzen duzu Torturatuen Sareko kideei egindako elkarrizketa, eta irakurtzen duzu nola izen zen haientzat inflexio puntu bat orain bi urte argitaratutako audioetan Guardia Zibilak Mikel Zabalza torturapean hil zuela demostratzea.

Bagenekien arren, edo, justu bagenekielako, badelako inportantea egia azaleratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.