Blanca Urgell
LARREPETIT

Harriak mintzo balira

2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oporretan antzinako kulturek utzitako aztarnak patxadaz ikustea izaten dugu helburu, dosi handiagoetan seme-alabek beren bidea hartu dutenetik. Lastozko kapelaren azpian betiere (aterkia ere eramatea pentsatzen nabil, txinatarrek-eta bezala, berehala ikusiko duzue zergatik).

 

Aurten ikusi nahi genukeen antzinakoenak «Los Millares-ko kultura» du izena, K. a. 3200-2200 tarteko milurtekoan garatua. Los Millares-en indusketa gaurko Almeria probintzian dago, baina delako kultura hura Granadatik hasi eta Alacanteraino kokatzen dute batzuek, eta besteek Portugaleraino daramate. Los Millares hiria kultura haren adierazgarri handi eta garrantzizkoena da.

Hasteko eta behin, lauzpabost hektarea betetzen zituen, hots, 40-50 km2. Araban ikusi dut Lagranek 46,62 dituela, baina gehiena mendia. Ez dit balio. Han-hemen begiratu eta honatx ezustekoa: Bilbok 41,60 km2 ditu. Neolitoko Los Millares hura Guggenheim eta Iberdrola dorrea hartzeko moduko hiria zatekeen, nahiz solairu bakarreko etxebizitza biribilez osatua, hiru harresi zentrokidek babestua. Bazituen metalurgia-tailerrak, zehazki kobregintzan aritzeko eraikiak. Bazituen hirira ura ekartzeko hodiak ere, bestalde, eta etxe batzuek zeinek bere uharka.

Bertako kultura ote, ala ekialde hurbiletik etorria? Euskarazko Wikipedia bigarren hipotesiaren alde lerratzen da —agian euskal etnia ere funtsean ekialdetik etorritakoek sortu zuten genetisten hipotesia gogoan—, baina erdarazko iturri onetan ez da eztabaida itxitzat ematen.

Garibaik ere ekialdeko hipotesiaren alde egingo zukeen. Ez dakit Millares izenari zein azalpen etimologiko eman ziezaiokeen. Ez eta duela lauzpabost mila urte arinago zein izen zeukakeen, zein hizkuntzatatik sortua, indoeuroparrak etorri baino bizpahiru mila urte lehenago. Esan nahi nizueke bueltan kontatuko dizuedala. Harriak isilik daude, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA