LARREPETIT

Hitzarmena

Samara Velte -

2019ko irailak 20
Akordio ofizial batekin eta hitzarmen inplizitu ugarirekin amaitu da 11/13 auziko epaiketa, zenbaitek «Dena da ETA» dotrinaren azken arrastotzat jotzen zutena. Jokaleku tranpati batean ebatzitako quid pro quo pragmatikoa izan da: alde batek onartu du, bere askatasunaren truke, bere izena eta jarduna baldintza dezakeen narratiba ofizial bat, eta, beraz, ETAko kidetza idatzita geratuko da idazki judizialetan. Beste aldeak, konfrontaziozko eskemetan kateatuta, kontakizunaren bataila delakoan puntu bat irabaztearen truke, uko egin dio ikusi nahi zuen irudi bati: 47 abokatu, psikologo, kazetari eta abar, 2019an oraindik espetxera sartzen.

Gainerako guztiok ere akordio tazitu bat egin dugu, harreman iraunkorrenetan egiten den moduan: etorkizun bareago baten izenean, uko egin diegu berez badagozkigun egia zehatzegiei. Jakin badakigu gatazka politiko eta armatu larrien osteko osatze prozesuetan beharrezkoa dela gertatu dena argitzea eta bakoitzari berea aitortzea, baina isilik erabaki dugu oraindik ez gaudela puntu horretan. Idazki ofizialetatik haragoko egiak intimitate pribatuan gorde ditugu, agian hemendik hamarkada batzuetara kazetari gazteren batek, artxibo judizialetan geratuko diren bertsio ofizialekiko mesfidati, «Egiaz zer gertatu zen 47ekin?» galdetuko digun esperantzaz.

Zerbaiti uko egin, zerbait irabazi, eta hura nabarmendu; negoziazioetatik aurrera egiteko motorra. Espainiako eskuinak erruduntasunaren aitorpena txalotu du, akordioaren estrategikotasuna ezkutatuta. Akusatuek espetxera joan behar ez izatearen lorpena goraipatu dute, eta gainerakook lasaitua hartu dugu, iraganeko jokamoldeetatik apur bat aurrera egiten ari garen sentipenaz. Eta gero hor dago Eusko Jaurlaritzaren irakurketa, bere akordio partikularren fruitu: «ETAko makos frontea» epaitu dutela Madrilen. Jaurlaritzak zeri egin dion uko nahiko nabarmena da; galdera da zer irabazi duen bide horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna