Blanca Urgell
LARREPETIT

Arkanoak

2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Antzina batean arima nork edo zerk duen, landareek, animaliek eta emakumeok ere ba ote dugun; arimaren ahalmenak zein diren, bera non kokatzen den, bat ala gehiago diren, hiru izatekotan buruak, ea burua gauza den pasioak eta apetak gobernatzeko, gorputza utzi eta benetako bizitzara igarotzen den... honelakoetan pentsatzen aritzen ziren gure arbasoak, Historiak jasota utzi duenez. Platonen zaldi zuri eta beltza zeuden, eta Aristoteleren Psike delakoa, Erosen laztana ez bestea.

«Gure arbasoak» diogunean, baina, zein arbaso ote dira horiek, eta norenak? Batzuek agian eurenak irudikatzen dituzte mamuta ehizatzen, baiak mendian batzen edo jaunaren aurrean bertsolari beharbada. Chissà? Faraoi edo erregina, luxuz eta kutixiz inguratua. Zaldun edo galai, edo Versaillesko dama galanta. Who knows? Baten batek nahiko ditu ikusi argizariaren argitan irakurtzen, edota scriptoriumean eskuizkribuak letrakera ezin hobeaz kopiatzen edo, are hobeto, miniaturaz argiztatzen. Qui sap?

Nik neureak lurra lantzen irudikatzen ditut, bizkarreko minaz sarritan, edo lasto gainean erditzen, pertza laratzean, kea tximinian gora doala. Akaso kartetan. Noiz barrez lehertzen, noiz negarrez, tarte handirik gabe maiz. Muturtuta, nekatuta, ahituta gaur, baina igandean pozik dantzan larrainean.

Baina nork daki. Konstante II.a erregeak debekatu behar izan omen zituen Bizantzioko eztabaidetan zihardutenek bezalaxe, gure mende nahasi honetan ere bezalaxe, baliteke haiek ere neguko gau luzeetan edo udan gerizpean etzanda zerura begira zeudenean jainkoek gure ileak zenbatuta dituzten ala ez pentsatzen aritzea, edo zenbat aingeru sartzen diren orratzaren buruan, edota aingeruek sexurik duten eta nolakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.