Blanca Urgell
LARREPETIT

Atzamarrak gora!

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Zenbakiei nola begiratzen diezu, irakurle? Nik, salbu eta ikasleen emaitzak kalkulatu behar ditudanean, halako magia moduko bat esleitzen diet batzuei. 14 dut gogokoena, kontu aitorrezinengatik, eta horren ondotik 5 (1+4=5). 7ri serio deritzat, sendoa, noizbait irakurri nuelako lurraren sinboloa dela; Bibliaz dakitenek diote osotasun eta perfekzioaren ikurra dela, jainko hark dena sortu eta gero zazpigarren egunean atseden hartu zuelako. 9, berriz, zeruarekin dago lotua nire numerologia propioan, batek daki zergatik.

'Numerologia' hitza bilatzailean jarriz gero, norberaren jaiotze-data ipintzeko aukera ematen duen web bat agertu zait lehen lekuan, nire zenbakia zein eta 5 dela esan didana. Nola ez sinistu arrazoia ematen didan web bati? Kontuz ez bagabiltza, bilatzen duguna aurkitu ohi dugu. Ederrak dira, ba, gure neuronak! Eduardo Orduñak (2005) laur eta borst, sisbi eta sorse, abar 'hamar' eta orkei 'hogei', eta duda gehiagorekin bi(n) eta ?ei ere aurkitu uste zituen iberierazko testuetan. Horretarako, bere gogara zatitu eta interpretatu zituen tutik ere ulertzen ez diren iberierazko testuak. Liluragarria izan liteke azalean, baina aspergarria funtsean, ez baitugu deus ere ikasten.

Lakarrak dio lau(r)labur-etik eta zortzizorrotzi-tik letozkeela, ostera. Sinesgaitzak azalean, badugu zer ikasi (edo gogoratu) bertan. Izan ere 4 adierazteko erpurua ezkutatu ohi dugu eta, hain zuzen, 'labur' adierako adjektibo batetik omen dator hititerazko mieyawas '4'. Hizkuntza askok bi eskuetako atzamar buruak kontatuta sortu dute 8 zenbakiaren izena. Atzamar buruak gora jarri eta neure begiekin ikusi dut zortzi direla, eta eskuek mendi-zerraren antza hartzen dutela. Bada hizkuntza indoeuroparretan eta papuetan 8 zenbakiak zerraren izen bera omen du.

Neuronak dantzan ez dakit ipini dizkizuedan, baina atzamar buruak gora baietz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.