Samara Velte.
LARREPETIT

Negoziatzaileak

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gauza jakina eta antza orokortua da haurrak familiara iristen direnean lehen zegoen bikotea desagertzen dela. Abisatuta geunden. «Gozatu orain», esaten ziguten: «Gero datorren guztiak elkarrengandik bereizi baino ez zaituzte-eta egingo». Elkarrekin bizitzeak, paradoxikoki, urrunduko zaituzte, beti izango zaretelako gauza garrantzitsuak egin ostean hor geratzen den azpiegitura hori, bestearen egunaren hondarrak jasotzeko prest. Haurrak munduratzeak bereiziko zaituzte: denboraldi baterako, ahaztu une berean bazkaltzeaz, elkarrekin sofan egoteaz. «Jan aurrena zuk eta gero hartuidazu umea», izango da zuen arteko komunikazioaren goia.

Eskuliburu bateko arauak balira bezala hasi zen gurean profezia betetzen haurra jaio zenean. Gutxira, ez nekien etxean bi lagun ote ginen, hiru, edo pertsona erdi bat bihurtuta ote nengoen. Zer ari zitzaigun gertatzen? Sekula ez bezainbeste eztabaida sortzen ziren, eta sarritan nekeagatik baino ez genituen saihesten. Arduraren zama? Etengabe norbaiten beharrak ase beharraren tentsioa? Intimitate faltak eragindako urduritasuna? Eskulibururik ez oraingoan: «Lasai hartu, hiru urteren ostean, dena bere onera itzultzen hasten da». Hiru urte, komunera ere presaka joaten?

Apurka hasten zara ulertzen zergatik konplikatzen den elkarbizitza haur bat tartean dagoenean. Ez da bizimodu berria itogarria bihurtzen delako edo nekeagatik (soilik): batez ere, urrats bakoitza negoziatu beharra dagoelako da. Nork-noiz-nola-zer jantzi-jan-dutxatu-lan egin, derrigor beste norbaitekin hartu beharreko erabakien errenkada bat bihurtzen da eguna. Eta orduan ohartzen zara, agian, lehenago ere ez zeneukatela uste bezain komunikazio bikaina: kontua da lehen erraza zela bat zentozten kontuetan kontsentsua lortzea, eta gainerakoetan nor bere bidetik joatea, horrek gatazkarik sortu gabe eta primerako komunikazioa zeneukatela sinetsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.