Blanca Urgell
LARREPETIT

Behiak eta hormak

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Twitterren irakurri dut behin Jacques Derrida dekonstrukzioaren aita, Estatu Batuetan hitzaldia eman, eta etengabe behia gora eta behia behera ari zela; entzuleek arretaz entzuten omen zioten, harrituxe agian. Halako batean Derridak aitortu: «Esan didate kaos ahoskatzen dela». Chaos ingelesez eta frantsesez berdin idazten da (bi hitzak homografoak dira), baina ez da berdin ahoskatzen (ez dira homofonoak).

Hizkuntz ukipenak asko ematen du hortik. Gutako anitzen eskarmentua: gaztelaniaz bakarrik dakienak semea hitzagatik barre egitea. Gasteizko amonek amama nahiago (elkarri hitza pasata!), nahiz batzuen bilobak giputzak edo nafarrak izan. Mendebaldeko euskarara itzuli nahi? Baita zera ere! Tximinoen antzik ez izatearren.

Euskaldunok ere badugu barre egitea, noski. Honezkero norbaitek zerbait esango zion furgonetetan ALU handia daraman aluminio enpresari... Ezin lehenengo harria bota nik, gainera: alferrik saiatu zen senide ingelestu bat anaia eta bioi txikitan azaltzen ingelesezko butter-ek ez zeukala váter-ekin zerikusirik: guk barreari ezin eutsi.

Homofonoek hizkuntza beraren barnean ere badute nahaste franko sortzeko gaitasuna. Euskaraz berdin idazten dira, hasperena gorabehera (nahiz vs naiz, esaterako). Ahoskera eta idazkera bera dutenak homonimoak dira.

Homonimo asko erdarek oparitu dizkigute: kolera haserrea eta gaixotasuna, kabala juduena eta aberea, kolonia kolonizatua, erle-kolonia eta kolonia ura, idazteko koma eta sorgor dagoenarena. Karmin kolorea eta karmin 'garratza' ditugun arren, salbuespen dira horiek bezala bata erdaratik eta bestea euskaratik datozenak. Katibu 'haurduna' ere bada (bazen?), adiera berria ustez euskaran sortua. Mailegu zahar eta berriak ere badira lehian: zer deritzazue ideiak komunean ipini esapideari? A, eta badaukat mandatutxo bat: mesedez, utzi nafarrei kafea hormarekin bakean hartzen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.