Blanca Urgell
LARREPETIT

Haizearen jainkosa

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Sirocco edo Libeccio, Sukhovey, Böhm, Santa Anaren haizeak, Tehuantepec-ekoak, Cierzo, Calima, Montzoi, Fremantle Doctor edo The Doctor, Squamish, Brisote, Mistral. Gizakion non-nahiko joera: haizeari izena ematea, eta batzuetan izana ere bai.

Simunak ikaragarria dirudi, basamortuko haize bero lehor harea dakarrenak. Euskara, gaztelania eta frantsesak, bukaerako m-rik ez dutenez, urrundu egin dira Simum jatorrizkotik (norberaren hizkuntzan zilegi diren fonema konbinazioetara egokitzeko joera honi «fonotaktika» deritza). Simum haizearen eta Samum deabruaren izenak erro berekoak dira: 'pozoitu' esan nahi duens-m-m hiru kontsonateko erroa (hizkuntza semitikoen ohiko erro eredua). Haize bero hilgarri edo su-garraren arimaren itxuran agertzen zaio Samum gizakiari.

Shamal, aldi berean 'haizea' eta 'iparra', gizon-izena ere bada hala Afganistanen nola Kurdistanen. Kontrako norabidetik dator gure Hegoi, ordea. Dogoda eslaviarra mendebalaren jainkosa da, eta amodio eta goxotasunarena; Stribog «zortzi norabideetako» haizeen aitalehena. Fei Lian eta Fei Po Po ziren haizearen jainko-jainkosa txinatarrak. Enlil eta Ninlil sumeriarrek bazuten aldean Pazuzu haizearen deabruen jainkoa.

Jainko ala deabru? Belaizeak ontziak bultzatzen ditu. Erlaizeak olatu txikiak jasotzen. Hego haizea emakumeen haizea omen; arraizea gizonena. Arabaizea eta arabegoa hego-mendebaldetik dator, Arabatik alegia. Peko haizea iparraldekoa da Zuberoan; Zaraitzun eta Erronkarin hegoaldekoa: nola ez. Antziarrak ekialdetik jotzen du, eta izotza dakar.

Simum-Samum, Aiuso-Maiuso, Madrilgo hauteskundeen emaitzak jakin barik ere badakigu honek luze joko duela. Amilana, amilana, erropa zarren billa dabilana esaten omen zaio harrapatzen duena jo eta airean gora daraman haizeari. Zer deritzazu, irakurle, Amilana euskal panteoi postmodernoaren jainkosa izendatzeari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.