Blanca Urgell
LARREPETIT

Sua eta ura

2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Mantxan galduko bazina gaur, ez zenuke Kixote aurkituko, herriko plazako irudi batzuetan-edo izan ezik. Gaur ameslari hura agian ez zen atera ere egingo haize-errota erraldoiak ordezkatu dituzten haize-sorgailu helezinen kontra. Gaur artea eta pinua gutxi, baina ardantze zein olibondoak ugari ikusiko lituzke, eta lehortea, Daimieleko Taulak aurten idortu dituena, eta hegaztiak urrun uxatu.

Natur zein kultur ondarea gutxitan markatzen dute bide-seinaleek eta exotiko xamarrak dira bisita gidatuak. Guk sumendiak eta «motillak» bilatu nahi eta sumendi bakarra dago ikusgai —laurehundik gora omen— , Cerro Gordo (Granátula de Calatrava), erupzio geruzak agerian dituena lan estraktiboengatik. Motilla bakarra ere bai, hogeitaka izanik: Azuer-eko ederra (Daimiel), duela 4.000 urte pasa eraikia, 900 bat urtez erabilia izan eta gero lurrak emeki estalia.

«Mota» espainolez lautada batean nabari den muino natural edo artifizialari deritza. Mantxako muinotxo horiek eraikin bana ezkutatzen dute eta, antza, barruan putzu bana. Azuer-ekoa putzuaren inguruko kale ezin estuagoetan egituratua da —goitik begiratuta badu burmuinetik zerbait—; azken ingurabidean bihitegiak eta labeak, kanpoko harresiaren biran bizitokiak, bai eta fetu-jarreran ehortzitako gizakiak ere: andreak eskuinetara begira; gizonak ezkerretara; umeak ontzietan. Putzuaren esparruan emazteki bat puñala bularrean.

Datu objektibo hauek —eta beste anitz: bihi motak, eraikuntza materialak...— Brontze garaiko jendeari buruz mintzo direna baino gehiago isiltzen dute. Nork nori zer, zergatik, zertarako. Nik putzuko anderea uraren jainkosaren apaiz bihurtu dut nire artean. Aspaldi ahantzitako jainkosa bizi-emailearen bitartekoa, hantxe ehortzia, sekula betiko zaindari. 2010eko azken uholdean oraingo plastikozko hezurrak uretan igeri agertu ziren, Mar Menorreko arrainak bailiran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.