Blanca Urgell
LARREPETIT

Joseba Arregiri, begirunez

2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Country Euskaltzaindiaren hiztegian badagoela egiaztatu dut. Hemendik aurrera letra etzanik gabe erabiliko dut: bikain! Erreparatu haren definizioko landa-giroko esapideari. Gasteiz Paris ez bada ere, agian jaiotzez kaletarra izateari zor diot zalantza, «country» edo «farm» nola itzuliko. Alaba txikia zenean, «granja» izeneko jostailu bat oparitu genion, txerri, ardi, behi, oilo eta guzti. Lagun batek «baserria» zuzendu zidan, euskaraz ari ginela. Halere, alabak Arabako lautadan ikusten zituenak ez ziren baserritarrak, nekazariak baizik, ez eta euren etxeak baserriak: herriko etxeak dira, sarri baratzez, biltegiz edota kortaz-eta inguratuta egon arren. Definizioak irakurrita, ez dut argi landetxeak ote diren, etxaldeak izan litezkeen, edo zer.

Oro har ondo dago zerari bere izenaz deitzen jakitea. Irakurri dut Esperanza Aguirrek PPko Buru Batzarrekoei «chiquilicuatres» deitu berri diela, ohi duen espainol aberatsaz. Hemendik ere mingaina espainol aberatsez astintzen dakitenak badirenez, Agirre-tik Arregi-ra segituan joan zait burua, paronimiak lagundurik. Zergatik eta Joseba Arregi zendu berri baita, Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia. Doluminak sendiari. Asko ikasi nuen berarengandik orduan asko axola zitzaidan gai batez, eta zer pentsatua eman zidan irakurri nizkion artikuluez. Ezin dut lotu ezagutu nuen zaldun hura —«zaldun» hitzaren adiera onean, gaur onik baleuka— neke gabe topatu ditudan noizbaiteko destainekin.

Espainiako giroa inoizko polarizatuen omen dago aspaldiko partez. Eta gurea? Kontrarioak gara sarri, askotan ez gaude ados, elkarren kontra haserretu ere egiten gara. Nola ez ba! Eta, bada, eztabaidatu genezake, okertu izana aitortu edo irabazi izana ospatu, inor goitik behera lohitu gabe? Eta, deskuiduan lohituz gero, gai izango gara lohitua garbitzen? Bai, bai, bai, badakit: inozoa naiz, eta harro nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.