Blanca Urgell
LARREPETIT

Zenbat hitz behar dira hitz egiteko?

2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Dramatizazioa. Blancak: «Badakizu zer? (erants bedi pasadizo bat, kontakizun bat, eskaera bat). Ezta?». Semeak (pantailara tinko begira): «Ez». Senarrak (bere artean sartuta): «Ummm. E?». Ez dago neurtuta zenbat hitz behar diren hitz egiteko. Honegatik hitz egiten dugu, edo ez dugu hitzik egiten. Pluralik ez (**hitzak egin ditugu). Amore ematen dugunean ere, zenbat amore ematen dugu?

Hizkuntzaren historian esan ohi dugu edozein unetako hizkuntzan badaudela lehenagoko garaietako aztarnak. Hitz egin eta amore eman antzinako euskaldunek artikulua orain ez bezala erabiltzen zuten garaiko fosilak dira. «Pater Noster txikia» izenaz ezagun dugun 1425 baino lehenagoko otoitz nafarrak argizagi eraizeten (ari direla) dio, hots, 'argizagi pizten'. Zenbat argizagi edo kandela piztu behar dira kandelak pizten aritzeko? Ez jakin. Berdin dio. Alta, **argizagi piztu ez da haiek bezala fosildu, ez da lexikalizatu, ez da hiztegian agertzen. Halere, antzina hartan, denak bide ziren halakoak: «mugagabea», izenak dioen bezala, egiazko mugagabea zen: kopuru, ertz eta mugarik gabea.

Gero, ordea, kandelak pizten eta pastelak erosten ohitu gara. Zenbat kandela, zenbat pastel? Ez jakin. Plurala da gure bigarren «mugagabea», oraindik ere bizi-bizirik duguna. Halere, pastel batzuk erostera joaten dira batzuk, ezta? Zergatik, eta inguruko hizkuntzetan un zenbatzaileak 'mugagabea' adierazten duelako: unos pasteles. ¿Cuántos? Batek daki.

Zenbat hitz egin behar dira, bada, hitz egiteko? Asko edo gutxi izan, izan daitezela euskaraz. Inoiz ez dago sobera Villasanteren harako hura ekartzea: «Hitz egiten ez den hizkuntza, nahiz eta erakustokian ohoreki jarria egon, ez da deus, ez da ezertarako, hila da». Prest ote gaude mugagabe batzuk galtzeko euskarak aurrera egin dezan, bai ala ez? Semeak: «Bai». Senarrak: «Ummm. E?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.