Albistea entzun

LARREPETIT

Gorputzak

Samara Velte -

2022ko maiatzak 13

Herriko talde feministako bileretara joaten hasi nintzenean, hainbat gauzak hartu zuten berehala zentzua: ordura arte inork azaldu ez zizkigun egonezinek izen zehatzak zeuzkatela ikasi genuen, eta ordurako dena edo ia dena kuestionatuta zegoela ere bai. Gure diskurtso eta asanbladetan maiz errepikatzen ziren hitzetako batzuk, ordea, ez nituen ulertzen. Horietako bat zen gorputza: misterio hutsa zitzaidan taldeko kideek gorputzetan hitz egitea, gorputza gora eta gorputza behera, gorputzak munduan egoteko modu gisara eta gorputza auto-zaintzarako objektu gisara. Zergatik ez ote zuten pertsonez hitz egiten, subjektuez, nahi bada? 19-20 urteko inkontzientzian, gorputz normatibo samar baten jabe eta osasunari buruzko kezka bakar bat ere gabe, ikusezin zitzaizkidan nireak ez ziren errealitateak. Zerbait izatekotan, gu buruak izango ginen, bada, gorputzak baino gehiago, ezta?

Esplikazio teorikoetatik ez, praktikatik ikasi genuen denborarekin. Biolentziaren izua ez da buruan sentitzen: besoetatik behera jaisten den deskarga bat da. Umiliazioa eta paternalismoa eztarrian korapilatzen dira ulertzera iritsi aurretik. Gorputzarekin egiten diogu aurre munduari, eta munduak gorputza kontrolatuz (ere) kontrolatu nahi gaitu.

AEBetan duela 40 urtetik dago indarrean aborturako eskubidea, epai bat oinarri hartuta, baina inork ez du eskubide hori blindatzeko lana hartu, eta orain Auzitegi Gorenaren bertsio kontserbadore bat milioika emakumek euren gorputzari buruz duten erabakitzeko eskubidea etetear dago. Bilbon, zortzi gorpu agertu dira modu bertsuan hilda, baina ez zaie garrantzirik aitortu, euren sexu praktikek Poliziaren begietara susmagarri, edo behintzat ez aintzat hartzeko moduko, bihurtzen zituztelako.

Gure gorputzarekin egiten dugunak kokatzen gaitu besteen aurrean, horren arabera irakurtzen gaituzte. Eta hori ulertzen duzunean denak hartzen du zentzua berehala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...