Blanca Urgell
LARREPETIT

Izotz eta suzko abestia

2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Munduaren hasieran hutsa zegoen, osin erraldoi bat, Ginnungagap deituko genukeena antzin-germaniarren hizkuntzakoak bagina. Alde batean Muspelheim, suaren erresuma; bestean, Niflheim, lainoarena. Mundua izotzetik eta sutik jaio zen osin huts erraldoi haren baitan.

Hans Höbiger-ek (1860-1931) oraino erabiltzen omen den konpresore-balbula bat asmatu zuen, baina teoria bat ere asmatu zuen, Betiereko Izotzaren Teoria (1912), eskandinaviarren, mazdeisten, sumertarren eta beste hainbat erlijioren nahas-mahasetik sortua, zeinaren arabera izotzaren eraginez sortzen eta aldatzen baitira hala materiaren nola biziaren adierazpenak oro. Liburua Thule elkartean estimatua zela esanez gero, dena esanda dagoela esango nuke.

Ez dakit inori bururatu zaion izotzaren eta suaren arteko kosmogoniarik euskaraz lantzea. Baliteke. Alta, seriosak izatera, ezingo litzateke, lehenago izan baitzen sua, izotza baino. Euskara izozte garaiko hizkuntza? Bai zera: izatekotan sute garaikoa litzateke, zeren eta su hitza bakuna baita, aitzineuskara zaharrenetik gorde ditugun CVC erroetako bat. Falta dugun azken C hori non egongo, eta Leizarragak oparitu digu sur ihartu bat, lapikoa surtan jartzen dugunontzat ez hain arrotza.

Izotz nolabaiteko elkartua da. Etxeberri Sarakoak ere sumatu zuen izotza 'ihintz hotza' dela zioenean. Etimologia ona bada ere, hobea dugu urarekin lotuta egon eta ur- edo uh-ren (uharte) ordez i- duten taldean kokatuz gero: ibai, ibar, ibi, idor, igeri, etab. Konparatu igel eta igarabaugaraxo-rekin, esaterako. *Ur-zotz elkartuak jatorriz 'izotz-kandela' adiera zukeen (EHHE): aitzineuskaldunek euren harpe, etxola edo kastroen atarian zintzilik ikusi zuketen izotza aurrenik, gero ur hoztutik datorren guztia adierazteko orokortu bada ere.

Oxala bestetan hain erraza balitz dualismoa haustea. Izotza eta sua. Zuria eta beltza. Nik egia eta zuk gezurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.