Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Nazka, higuina eta amorrua

2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Deustuko sarreran etxe txiki bat zegoen Ugasko inguruan. Mende batetik gora duten eraikinen antzera gauza askorako erabili zuten; alemaniar eskola izan zen, frantsesa, lekaime batzuen egoitza... Eraitsiko zutela jakin zenean bota ez zezaten babes kanpaina atondu zen. Ordurako, baina, bazuen jabea: mormoiak. Eraitsi, eta eraiki eliza. Nik mormoien gainean gutxi nekien. Bikoteka kalerik kale ibiltzen ziren mutiko ilegorriak ziren. Gero jakin nuen gizonek emazte bat baino gehiago izan zitzaketela; emakumeek, berriz, senar bakarra.

Egunotan eta lagun batek idatzi duen artikuluak xaxaturik ikusi dut ikus-entzunezko plataforma ezagun batean «Keep sweet: pray and obey (Otzan izan zaitez: errezatu eta obeditu)». Emakume bik zuzendu dute, Rachel Dretzin-ek eta Grace McNally-k. Sexu gehiegikeria, abusu, tratu txar, lan-esplotazio... Lau kapitulu mormoien adar honetaz aritzeko. Warren Jeffs-ek (70etik gora emazte), talde guru eta buruak, bere aitaren, Rulon Jeffs-en (80 emazte) lekukoa hartu zuen. Eurak erabakitzen zuten norekin ezkondu behar ziren emakume eta gizonak. Zenbaitetan, hamalau eta hamabi urterekin eman egiten zituzten taldeko alabak. Bereziki higuingarria (dena da amorragarri bezain nazkagarri) Rebecca Wall-ek emandako lekukotasuna. Hemeretzi urte zituen 85 urteko Rulon Jeffs-ek (oraindik profeta zela) erabaki zuenean (bere jainkoak aginduta, betiere) Wall bere emazte bihurtu behar zela. Eztei gauaren kontakizuna... ez dizut gehiagorik esango... Warren semea, ordea, okerragoa izan zen. Seme-alabak gurasoei kendu eta beste guraso batzuei eman haz zitzaten, emakumearen erabateko sumisioa, bortxaketa normalizatuak, abusuak, lan esklabotza, izua erabatekoa...

Ezin dut burutik kendu ikusitakoa eta ikusitakoak iradoki didana. Mar-mar ditudan istorioek oka egiteko gogoa ematen dute, gutxienez. Orain edozein txatxukeria ikusi behar dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.