Blanca Urgell
LARREPETIT

Txoriz eta lorez

2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Euskal eskola publikoaz zein euskal selekzio bi lortzear egoteaz hamaika iritzi entzun eta irakurri ditut egunotan. Nik ez nituzke neurez bi gaiak maila berean jarriko, baina gripearen aurka txertatuta egon arren, denbora laburrean hirugarren gripe ez-gripeak hartuta nagoenetik lapiko berean sartzen ari naiz —sukar-puntu honek eraginda, nonbait— ezinegon handia sortzen didaten kontuak,eta burruntzaliaz ederki nahasten.

Medikuak esanda, hori dena tentsiorako txarra denez, txoriz eta lorez hitz egitea erabaki dut edo, hobeki esanda, xori etaflorez, Leizarragaren laguntzarekin (1571). «Eta beztiduraz zergatik zarete arthatsu? Ikhas ezazue nola landako floreak handitzen diraden: ez nekhatzen dirade, ez iruten dute» itzuli zuen berak ebanjelioko pasartea (Mt 6, 28), txikitan pulpitutik asko gogoratzen zigutena. Loreek ez dute lanik egiten (nekatu aditzaren adiera zaharra, nondik nekazari), ez dute iruten. Eta xoriek ere ez dute «ereiten ez biltzen, eta hek eztute sotorik ez granerik, eta Jainkoak hatzen ditu hek».

Leizarragaren itzulpenaz geroz 451 urte igaro dira, eta 1.932 bat Mateoren ebanjelio Mateorena ez omen dena idatzi zenez geroz. Artean esango nuke floreak eta xoriak gu baino are gutxiago kezkatzen direla. Ez dute gasik ordaindu behar. Ez dute elektrizitateaz nondik eta nola hornituko diren erabaki behar, plakak ipini, ez ipini, bakarrik ala auzoko ala herrikoekin, bi lehengaion prezioak igo dituzten harrapari berberak inguruan kra-kra-kra dituzten bitartean. Ez diote Ibilgailuen Jainkoari otoitz egin behar, laster hogei urte egingo dituen autoak ez dezan azken arnasa eman, bai eta bitartean izango dituen matxurak ez bitez berrehun eurotik gorakoak izan.

Gainera, gutxitan bezala hementxe daude oraindik, txioz eta kolorez ingurua alaitzen. Sasoi luze oparoa izaten ari da eurentzat, ur pixka bat datorrenean batik bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.