Ander Perez Argote
LARREPETIT

Elefante bat Lodosan

2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ceutatik omen zetorren 1936ko uztailaren hastapenetan Lodosan lur hartu zuen zirkua. 50 bat lagunek osatua zen, artista eta langile. Denen buru, Aristide Anastasini izeneko italiar bat, neguko kanpaina Afrika iparraldean ematen zuena, eta udaberrirako penintsulara egiten zuena jauzi, puntatik puntara zeharkatzeko. Gibraltarko itsasartearen bestaldeko espainiar kolonietan kontratatutako artistekin heldu zen Erriberara. Pailazoak zeramatzan, malabaristak eta magoak, orkestra bat, zaldi zuri baten gainean zamalkatzen zen neskatila amazona bat, eta elefante bat.

Lodosako plazatxo osoa estaltzen zuen karpapean eman zuten emanaldi bakarra. Bertan harrapatu zituen altxamendu militarrak. Ordutik gerokoa, dena da misterio, baina, hainbat ikerketaren harira, bertan atzeman eta fusilatu zituzten segizioko asko, eta hobi komunean lurperatu. Orduan 8 urte zituen lodosar batek exekuzioa ikusi zuela kontatu zuen gerora —«badakizu ze zailak diren hiltzera doazela dakienaren oihuak»—, eta beste herrikide batek berretsi, ume zela, 1948an, paraje horretan topatu zituela hainbat burezur, heldu zein ume. Gerora, 1970ekoen hondarretan, 27 gorpu aurkitu zituzten Mendabiako hobi batean, tiro bat garondoan denak, eta horiek ere zirkukoak izan zitezkeela ondorioztatu zuen beste ikerketa hari batek.

Gauetik egunera desagertu zen Lodosatik segizioa, abandonuan utzita materialak, karpa, oholak eta aulkiak, eta animaliak. Orain irudikatu elefante bat noraezean, uztaileko sargorian alderrai, Lodosako kaleetan barna.

Nahi izatera, Pavloven txakurraren edo Schrodingerren katuaren euskal parekidea bila genezake Lodosako elefantean, eta paradoxa bat demostratu. Azaltzeko, adibidez, nola esan daitekeen «hemen ez zen ezer pasa» elefante bat herriko kaleetan paseatzen ikusten dugun bitartean. Edo nola litekeen Barne ministro ohi bat palestrara atera, elefantea seinalatu, denok ikusi, eta hemen ezer ez pasatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.