Blanca Urgell
LARREPETIT

Elkar berotuko?

2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ikonikotasun terminoak zeinu baten formaren eta esanahiaren arteko antzekotasuna adierazten du. Hitzak arbitrarioak izaten dira: mahaiari mahaia deritzagu, zergatik eta hargatik. Halere, hitz batzuk ikonikoak dira, hala nola mau-mau, meeee, bor-bor edo sasta, denok dakigunez.

Hori hizkuntzaren alor gehiagotan islatzen da. Adibidez, hizkuntzek gure elkar adierazteko dituzten baliabideetan. Maslovak eta Nedjalkovek (2013) elkarkari ikonikoak eta ez ikonikoak aurkitu dituzte hizkuntzetan. Elkarkariek berez bi ekintza bakunen batuketa adierazten dute; alegia, Jonek maite du Izar eta Izarrek maite du Jon(e) bi perpauson batuketatik sortzen da Jonek eta Izarrek elkar maite dute egitura elkarkaria. Bada, egitura elkarkari ikonikotzat jotzen dira aditz nagusia errepikatzen dutenak: euskaraz Jonek eta Izarrek maite-maite dute esango bagenu bezala diote Papua Ginea Berriko amele delakoaren hiztunek, adibidez.

Elkarkari ez-ikoniko ohikoenak elkar bezalako partikulak dira. Alexandra Aikhenvalden lan batean irakurri dut GineaBerriko manambu hizkuntzan—sintetiko, eranskari eta atzizki ugarikoa hau ere— wa partikulaz osatu ohi dituztela egitura elkarkariak, baina badute baliabide bitxiagorik. Izan ere, aditz erroari eransten zaizkion norabide-marka asko dituzte, eta horietatik 'urrutitik' eta 'barrurantz edo kanporantz' adiera duten norabide-marken konbinazioak batzuetan ulerkera elkarkaria dauka; zehazki partaide ugarik ekintza ugari egiten dituztela adierazten du, haiek jo-urrutitik-barrurantz esanez 'elkar dinbi-danba jo zuten' ulertzeko moduan, antza.

Hau idatzi bitartean, lehenik hankak hoztu zaizkit, eta orain eskuak ere, nahiz teklatuan gora eta behera aritu, eraikin honek gehienez 19 gradutara egon behar duela erabaki dutelako agintariek. Baliteke lankideok elkar berotzeko gonbitea izatea hau, dinbi-danba zein maite-maite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.