Albistea entzun

LARREPETIT

Burugogorren politika

Ander Perez Argote -

2023ko otsailak 3

Azken hogei urteetako mudantzetako batean galduko nuen Euskal Jairen hondakinetatik hartutako harri puska. 2004ko abuztuan hartu nuen, UPNk eraikina hustu eta eraitsi osteko egunetan. Guri gaztetxea bota ziguten; historiari, ia ehun urteko frontoi modernista, harribitxi bat Iruñeko arkitekturan.

Hiru uda lehenago, 54 platano eta 20 akazia errotik moztera bidali zuen Barcinak langile talde bat, Gazteluko plazara, goizaldeko bostetan. Iruñeko plaza kuttunenaren azpian parking bat eraikitzen tematuta zegoen alkatea. Eta ez zuen atzera egin, Alde Zaharraren erraietan aztarnategi arkeologiko handia agertu zenean ere. Agertu zenean historiaurreko menhir bat, eta erromatar garaiko termak, eta Erdi Aroko harresi bat, eta VIII. mendeko hilerri musulman bat, 200 bat gorpurekin, denak Mekara begira. Orduan ere hondeamakinak aurrera, historiaren gainetik pasata. Hango arrastoetako batzuk, denborara, aldirietako zabortegi batean agertu ziren. Ez dakit inor joan ote zen, ni San Agustin karrikara bezala, historia pusketen bila.

Adibide gehiago egongo dira, ni bi horiekin gogoratu naiz AHTa eraikitzeko Euskal Herriko giza aztarna zaharrenak agertu ziren Arrasateko leizean tunel bat egin dutela irakurri dudanean.

Barcinak egin zezakeen atzera, proiektuaren kontra milaka sinadura aurkeztu zituztenean, edo enpresa bati parkingaren esplotazioa 75 urterako emanda legez kontra ari zela ohartarazi zutenean, edo, lur azpian, Iruñeko historiaren kapak bata bestearen atzetik ateratzen hasi zirenean. Baina ez. AHTa atzera botatzeko arrazoiez zer esan.

Nik ez dakit tunela aztarnategiaren erditik egin duten, edo bakarrik oso hurbil. Baina, sinboliko zein fisikoki, ederki adierazten du denaren kontra aurrera egite hori, harrien kontra, jendearen kontra, ondarearen kontra. Adibide polita gelditu zaigu gaur egungo burugogorkeria politikoa —gaizki egindakoak onartu eta atzera egiteko tokirik uzten ez duen hori— ondorengoei azaltzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...