Blanca Urgell
LARREPETIT

Godoen xarma

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Buruan gelditu zaidan irudi bat: gerrari bisigodo baten metalezko kaskoa, buru gainean ile beltzezko motots luze bat zuena. Bikingoekin errazago lotuko nukeen (hainbat serieren eragina, ziurrenik), baina iparraldeko Tolosatik Toledoraino heldu ziren bisigodoek ere halakoak erabiltzen zituzten: nola ez.

Orduan irudikatu nuen euskaldunen izu-ikara, zalditan, goitik behera metalez armaturik eta mototsa aidean zetozen erraldoi haiek ikustean. Bai, badakit: historia gudari ausarten ikuspegitik kontatu zaigu, eta ez bake-hitzarmenak bilatu eta batzuetan (bakarrik) lortu zituztenen, are gutxiago armarik gabe armen indarra pairatu zutenenetik.

Irudi hura zela eta, gure artean izan zen perpausa, Gasteizko sortze dokumentua (1181) Antso Jakitunak, Antso VI.a Nafarroakoak alegia, erruna batez sinatu zuelakoa. Honela deskribatzen du espainolezko Wikipediak nolabaiteko gurutzea dirudien hori: «Lau triangelu aldeberdinez osatuta. Triangeluak elkarrekin lotzen dituzten zuzen paraleloak angeluetan amaitzen dira, eta irudiaren erdian elkar zeharkatzen dutenean lauki txiki bat osatzen dute».

Ez dut aurkitu errunen ohiko alfabetoetan horrelakorik: ez futhark zaharrean, ez futhorc anglo-saxoian, ez futhark berrian, ez Erdi Aroko errunetan, baina kontuan har bedi mundu zabal honen atarian nagoela, oraindik ez ditudala haren gorabehera guztiak ezagutzen, ezta XIX. mendean Eskandinavian abertzaletasuna piztu zenean (Gotizismoa) edo okultismo germaniar delakoan, ez eta neopaganismo germaniarra XX. mendean sortu zenean antzinatik zer hartu zuten eta, akaso, zer berritu zuten ere.

Dena denarekin lotzeko joera, antzekotasunak jatorri berekotzat jotzeko jaidura hizkuntzaren historian ere egunero pairatzen dugun gaitza da. Honegatik, ahaleginduko naiz bekaina eszeptizismoz altxatzen (alabak ederki egiten du, baina nik ez). Oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.