Ezabatu mailegua dela ohartu naiz bat-batean, burua alderrai zebilela. Aguden eta Tovarren Materiales para un diccionario etimológico de la lengua vasca-k (1988-1994) erakutsi dit Azkuekfr. effacer-ekin lotu zuela (1919), eta metatesiz azaldu (*efazatu / ebazatu > ezabatu).
Gaurko zutabea Toledorainoko tren-bidaian hasi zen, Kepa Altonagaren Axularren gerizpean-en irakurketa gozatsuan. Hamaika datu eta ideia azpimarraturen artean batek ez dit bakerik eman harrezkero. Ez zuen ba Piarres Lafittek idatzi, Maddi Ariztia zela eta, «Anderea liburu-egile, bakhan ikhusten da. Uste ere dugu eskuarazko liburu egile lehena hunaindiko eskualdun anderetan, Sara-Lehetchipiko etchekhanderea». Nork ez zuen laino-laino irentsiko Iparraldeko kanonaren zaindariaren esana, baina nik trabatua dut, kontrako eztarritik joana.
Lafittek bazekien, betiko sanedrinean ez zegokeen ez zekienik, Ana Urruti (1826-1900) protestante misiolari eta itzultzaile zuberotarra nahikotxo aurreratu zitzaiola Ariztiari (1887-1972) liburugintzan, eta euskaldunek larrutik ordainarazi ziotela bere zelo ebanjelista. Manu Padillak (2023) argitaratu berri ditu ASJU-n haren bizitza eta gutunak. Holako emakumerik bai bakhan.
Lafittek bazekien, betiko sanedrinean ez zegokeen ez zekienik, Mixel Xurioren Imitazionea-ren (1720) lau liburutan azkena, neba bi urte lehenago hil eta arrebak egin omen zuela. Izenik ere utzi ez digun emaztekia. Neroni nabil-eta honen atzetik, eta horra: Ariztia liburugile lehena. Bai zera.
Azkena ez da liburugile, baina ze axola du. Cleménce Richard-ek, Louis-Lucien Bonaparteren bikotekideak, gizonak argitaratu nahi zituen liburuak zuzentzen lagundu zion, Uriartek gutunetan sarri adierazi bezala, eta Javier Etxagibelek laster argitaratuko duen lanean argiki erakutsi bezala.
Ezabatuak, ostenduak, baztertuak, ezkutatuak, gerizatuak, isilduak.
Zer dugu Lafitteren alde? Zer dugu Lafitteren kontra?

LARREPETIT
Emazteki ezabatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu