Toryen arteko haustura argi ikusi da protokoloari buruzko eztabaidan

Erresuma Batuko Gobernua legea «urratzen» ari da, kontserbadoreen sektore baten arabera. Johnsonek aurten onartu nahi du lege erreforma

ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Irlandarako Protokoloa alde bakarrez erreformatzeko Erresuma Batuko Gobernuak planteatutako lege proiektuaz eztabaidatu zuten atzo Komunen Ganberan, eta edizio hau ixteko orduan horri buruzko lehen bozketa egin gabe jarraitzen zuten. Osoko bilkurako eztabaidan agerian gelditu zen, berriro, Alderdi Kontserbadorean bi korronte daudela. Batetik daude gobernuko kide toryak, defendatzen dutenak Londresek Europako Batzordearen oniritzirik gabe planteatutako proposamena. Eta bestetik, gobernutik kanpoko toryak, irizten diotenak nazioarteko akordio bat «urratzeak» Erresuma Batuaren irudiari kalte egingo liokeela.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak (2016-2019), esate baterako, kritikatu egin zuen lege proiektua, eta galdetu zion gobernuari ea Brusela negoziazio mahaira erakartzeko «tresna bat» ote den. «Esango nuke momentuz ez duela horretarako balio izan». Andrew Mitchell alderkidearen esanetan, proposamenak nazioarteko hitzarmen bat hausten du «nabarmenki», eta, gainera, «gerra komertzial bat» eragin dezake, Erresuma Batuko ekonomiarentzat kaltegarria izan daitekeena.

Liz Truss Erresuma Batuko Atzerri ministroak ganberan nabarmendu zuenez, baina, «beharrezkoa eta legezkoa» da lege proiektua. Bere esanetan, Ostiral Santuko Akordioari eutsi ahal izateko diseinatuta dago. Lehen bozketa gainditu du Komunen Ganberan, eta orain behe ganberako batzordeetan zuzenketak egingo dizkiote, atzera osoko bilkuran berriro bozkatua izan dadin. Onartzen badute, Lorden Ganberara bideratuko dute, eta han prozesu bera ibili beharko du lege proposamenak.

Johnsonek atzo BBC News hedabideari adierazi zioenez, aurten bertan jarri nahi du legea indarrean. «Parlamentuak borondatea baldin badu, nahiko azkar egin dezakegula iruditzen zait». Baina Alderdi Kontserbadoreak ez dauka gehiengo osorik Lorden Ganberan, eta aintzat hartu behar da, gainera, azkeneko hilabeteotan gobernuaren zenbait proposaman atzera bota dituela, nahiz eta idatzita ez dagoen hitzarmen batek dioen ezin duela agintean dagoen alderdiaren ekinaldi legegileen aurka egin.

Lorden Ganberako zenbait kidek adierazi izan dute, ordea, kezkatuta daudela, iruditzen zaielako lege proiektuak urratu egiten duela Bruselak eta Londresek 2019ko udazkenean brexit-erako sinatutako akordioa. Joan den ekainaren 15ean, Alderdi Kontserbadoreak Ipar Irlandarako mekanismoa aldatzeko proposamena Komunen Ganberan aurkeztu eta bi egunera, Europako Batzordeak iragarri zuen Johnsonen kabinetearen aurkako hiru zigor prozedura aktibatuko zituela. Trussek atzo azpimarratu zuenez, gobernuaren lehentasuna da «negoziatutako irtenbide bat» topatzea, baina gaineratu zuen EB Europako Batasunak uko egin diola «aurretiaz» protokoloaren testua aldatzeari.

2019an adostutako mekanismoak bi helburu ditu. Batetik, EBren merkatu bakarra babestea. Itunaren arabera, Ipar Irlandara iritsitako ondasunek EBren aduana legeak errespetatuko dituzte portuetan. Londresen erreformak planteatzen du, ordea, Ipar Irlandara iritsitako ondasunek burokraziarik ez gainditu behar izatea —«bide berdea» deitu dio horri Trussek—, eta Ipar Irlandan enpresek aukera edukitzea esportazioak Erresuma Batuko edo EBko arauen arabera saltzeko. Itunaren bigarren helburua da han bakea bermatze aldera Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga orain arte bezala mantentzea, irekita.

Londresek salatu du protokoloak bake ituna, hau da, Ostiral Santuko Akordioa, urratzen duela. David Lammy laboristak atzo Komunen Ganberan oroitarazi zuenez, ordea, Johnsonek duela hemezortzi hilabete argudiatu zuen mekanismoak «guztiz» bat egiten zuela bake akordioarekin. «Hemezortzi hilabete geroago, gobernuak eraiste bola bat jaurti du bere akordioaren aurka», nabarmendu zuen kontserbadoreak.

DUPek, bestalde, esana dauka protokoloa indarrean dagoen bitartean jarraituko duela Ipar Irlandako erakundeen jarduna blokeatzen, baina atea ireki dio blokeo hori kentzeari. Unionisten buru Jeffrey Donaldsonek prentsaren aurrean atzo adierazi zuenez, Komunen Ganberak proiektua onartuz gero, «zein pauso eman» pentsatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.